Ondo hasteak asko balio duela argi geratu da
Altuna III.ak eta Martijak bigarren garaipena lortu dute Eibarren (22-19). Markagailuan 12-5 aurreratu dira eta alde hori gehiegizkoa izan da Irribarria eta Zabaletarentzat.
Bitik bi. Altuna III.ak eta Martijak hasiera ezin hobea eman diote Binakako Txapelketari, gaur arratsaldean Irribarria eta Zabaleta 22-19 menderatuta. Eta hasiera aipatuta, San Andres eguneko partida horretan berebiziko garrantzia izan du partidaren lehen erdiak. Gorriak 12-5 aurreratu dira markagailuan, joko bikaina eginez, nahi baino huts gehiago egin dituzten Irribarria eta Zabaletaren aurka. Indarrak asko berdindu dira bigarren zatian, baina ordurako beranduegi zen urdinentzat.
«Oso pozik amaitu dut gaur. Hasiera bikaina egin dugu. Julenek ederki asmatu du pilotari altura ematen eta niri ere saiatutako guztia ongi atera zait. Gero, pilotak gastatu direnean Zabaleta nagusitu egin da atzean, eta Ikerrek bere maila erakutsi du. Horregatik diot, txapelak eta oso garrantzitsuak direla, baina horrelako partida zailak irabazteak ere sekulako meritua du», laburbildu du Jokin Altunak neurketaren amaieran.
Antzeko analisia egin du Irribarriak ere, baina bere kasuan hasierako tantoetan izandako hutsekin penatuta. «Gaur ere ez naiz ongi hasi. Asko kostatu zait partidan sartzea eta horrelako bikote baten aurka hori oso garesti ordaintzen da. Gero askoz hobeto jokatu dugu, erakutsi dugu zer maila emateko gai garen, baina ezin izan dugu 22ra iritsi».
Eta bihar beste bi partida jokatuko dira. Lizarrako Remontival pilotalekuan Olaizola II-Albisu (garaipen bat) eta Bengoetxea VI-Imaz (garaipenik gabe) bikoteak neurtuko dira, eta Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan berriz Ezkurdia-Ladis Galartza eta Elezkano II-Rezusta, biak aurreneko partida galdu zutenak.