INFO

Memoriaren astea: iraganeko ikasbideak jaso eta geroari begira dira gazteak

Ernai eta Aitzina antolakundeek espainiar eta frantziar estatuen partetik jasandako errepresioa jarriko dute jopuntuan «Lehen pertsonan eta pluralean» delako memoriaren astean, non gazteek borroka honen protagonismoa hartzeko aukera izango duten.


Aurtengo ikasturtean, gazte borrokaren eta antolakuntzaren 40. urteurrenaren harira, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek «Bulkada berrien garaia da!» dinamika aurkeztu dute. «40 urtetan bildutako milaka esperientzia, bizipen eta borrokaren testigua hartuta, Euskal Herriaren eraikuntzan bulkada berri bat sortu nahi dugu», azaldu du Maddi Altunak, dinamikako kideak. Geroztik, «herriz herri eta auzoz auzo hainbat ekimen, bilera eta ekitaldi» burutu dituzte. Oraingoan, ordea, «lan mardul bezain garrantzitsu batekin» datoz: «Lehen pertsonan eta pluralean», gazteen Memoriaren Astea. Urteotan gazte antolakundeko kideek espainiar eta frantziar estatuen partetik «jasandako errepresio eta kriminalizazioan» jarri nahi dute mira, hurrengo asteko astelehenetik ostiralera bitartean, Leioa, Gasteiz eta Iruñean egingo diren jardunaldien bitartez.

«Subjektu aktibo moduan kokatu nahi izan dugu geure burua», zehaztu du Altunak, lehen pertsonan kontatu, ulertu eta interpretatu gazteek jasan duten eta jasaten jarraitzen duten jazarpen politikoa. Era berean, «Estatuak gure mugimenduaren aurka zein, orokorrean, disidentziaren aurka iraganean erabili duen eta egun erabiltzen duen biolentzian» jarri nahi dute arreta. Hala ere, zehazki, Euskal Herriaren kasuan –komunitate oso bat jopuntuan egonik– «gazteria independentistaren aurkako jazarpen politikoa» aztertuko dute. Horretarako, abenduaren 10ean, astelehenean, David Fernandez (kazetaria eta CUPeko diputatu ohia), Julen Arzuaga (abokatua), Irati Sienra (Ernaiko militante ohia) eta Xabi Valdor (Ernaiko militantea) Leioako Campusean hizlari arituko dira.

Izan ere, jazarpen eta mehatxu politikoaren oinarrian torturak eduki duen garrantzia eta intzidentzia kontuan hartuta, «gazteongan izandako eragina» aztertuko dute asteartean Gasteizeko campusean. Bertan, Ignacio Mendiolak (soziologian doktorea), Paco Etxeberriak (antropologo forentsea), Oihana Barriosek (Torturaren Aurkako Taldeko kide ohia) eta Iker Morenok (Gazte Antolakundeko militante ohia) parte hartuko dute. «Tortura praktika politiko-punitiko moduan aztertuko dugu, estatuek erabiltzen duten indarkeriaren baitan zein leku duen, zein espazio eta testuingurutan sortzen den ulertuz», azaldu du Altunak.

Jardunaldiek esparru ezberdinetako hizlariak bilduko dituzte, errepresioa ikuspuntu eta arlo ezberdinetatik jorratzeko asmoz. Zentzu horretan, gonbidatu guztiek «proposamenean parte hartzeko prestasuna hasieratik» erakutsi dutela aipatu du Altunak: «Badago behar bat beste hainbat espaziotatik baztertu ohi diren gaiak edo horietan lantzen ez diren gaiak mahai-gaineratzeko edota bestelako ikuspegi batzuetatik lantzeko».

Etorkizunari so

Gonbidatu horien artean, Lur Abizu (Ernaiko militantea eta Mugimendu Feministako kidea), Aitor Servier (Aitzinako militantea) Ane Muguruza (Egiari Zor fundazioko kidea) eta Olatz Iglesias gazteek iraganari, orainari eta etorkizunari begira duten iruditegiari buruz hausnartuko dute Iruñean, abenduaren 12rako antolatu duten «saio berezi» batean. «Elkarrizketa moduan» egingo den saio horretan, gazteek «bizi ez dituzten garaiak nola bizi dituzten galdetu eta gure azal propioan jasan dugunean erreparatuko» dute, Altunaren hitzetan.

Horretaz gain, gazteei «transmititu zaiguna –eta ez zaiguna– zer den» aztertuko dute, baita kontu horien guztien inguruan sortzen diren galderetan sakondu ere. Bestalde, egungo gazteriaren belaunaldiari eskaintzen zaizkion baliabideetan –hezkuntza, komunikabide eta instituzioetan– jarriko dute arreta, eta etorkizunari begira dituzten «desio eta premiei» buruz hausnartuko dute.

Aldarrikapenak kalera atera

Memoriak iraganarekin baino orainarekin eta desio den etorkizunarekin lotura duela dio Altunak. Horren harira, «batzuk memoria bakarra sortzeko lanetan ari direla» uste du, «indarkerien erroan dauden gatazkei erreparatu gabe», eta, zentzu horretan, gazteek «erantzukizun izugarria» dutela adierazi du. Hortaz, ostegunean, gai honen inguruko hausnarketa sustatuko dute “Herenegun gaur da” lelopean. Horrez gain, herri zein hiriburuetan saio eta ekimenak antolatu dituzte, «aldarriak kalera ateratzeko».

Memoriaren Astea ixteko ekitaldia abenduaren 14an, ostirala, egingo da Gasteizen, 18.30ean, Aldabe Gizarte Etxean. Ekitaldia «aste osoan zehar landutako edukien isla» izango dela azaldu du dinamikako kideak, eta hamarkada hauetan guztietan estatuen jazarpen politikoaren jopuntuan egon diren kideak bertan egongo direla iragarri du. Dena den, “Bulkada berrien garaia da” dinamikaren lana ez da Memoriaren Astearekin amaituko. Otsail aldera, 40 urteotako gazte borrokaren memoria jasoko duen liburua argitaratuko dute, eta apirilean, berriz, Gazte Topagunea egingo dute Lemoan.