INFO

Ondo landutako lidergoa eskuratu dute Olaizola II.ak eta Albisuk

Goizuetarraren bi gantxok erabaki dute atzelariek protagonismo itzela izan duten partida. Eibarren estreinatu den Mariezkurrenak partida bikaina jokatu du galdu arren.

Aimar Olaizolak erabaki du neurketa. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisuk osatutakoa da Binakakoan partidarik galdu gabe geratzen den bikote bakarra, nahiz eta Artola-Mariezkurrenaren aurka irabazteko beltz egin behar izan duten lan bi beteranoek.

Bi atzelari jotzaileen arteko deman, aurrelariek protagonismo gutxi izan dute partidan zehar, baina Aimar Olaizolaren ofizioak erabaki du puntua. Partida 20-20 zela, goizuetarraren bi gantxo bikainek eman diote garaipena bikote gorriari.

Bere enpresako atzelaririk onenaren aurka, orain arteko azterketarik zailena izan du Jon Mariezkurrena gazteak Astelenan eta Berriozarkoak bikain erantzun du. Ezkerrarekin oraindik konfiantza handirik ez duen arren, eskuinarekin epelak eman dizkio eta gehienean bizkarra erakutsi dio Jon Ander Albisuri. Ataundarrak lan asko izan du gaurkoan eta huts askotxo pilatu ditu, bederatzi denera eta eraman beharreko bi sake, baina partidari eusteko gai izan da.

Eta egindako lan horrek guztiak pisu handiko puntua eman die enpresaren apustu nagusiari, azkenera arte markagailua orekatua izan ostean, Olaizolak partida erabaki duelako.