INFO

Iraganeko motxila zabaldu eta geroari begira dira gazteak

Lur Albizu, Ane Muguruza eta Aitor Servier «gaurko gazteok atzokoaz eta biharkoaz» premisaren inguruan aritu dira Iruñeko Kaldereria Aretoan egin den mahai-inguruan, ‘Lehenengo pertsonan eta pluralean’ goiburupean Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolatutako gazteen memoriaren astearen hirugarren jardunaldian.


Iragana berreskuratzea bere balio politikoa duelakoan, eta gazteak ere iragan horren parte direlakoan, hura nola bizi izan duten eta harekin egin nahi dutenari buruz sakondu nahi izan dute Kaldereriako mahai-inguruan. «Aurreko belaunaldiek sortu zituzten baldintzetatik borrokatu dugu, baina ere gazte ginen momentuko testuinguru politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaletik», adierazi du moderatzaile gisa aritu den Olatz Dañobeitiak. Borroka horretatik eta honen inguruan sortzen den iruditeritik abiatuta, Dañobeitiak gatazkarekin lotutako irudiak azaltzeko eskatu die hizlariei.

Lur Albizu Ernaiko militante eta mugimendu feministako kideak, besteak beste, Angel Berruetaren heriotzaren inguruko karga polizialaren irudia proiektatu du paretan. Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko kideak, ordea, Ertzaintzak Josu Muguruza bere aita zenari egindako omenaldi batean «PSOEk eraila» zioen pankarta kendu zuteneko unea gogoratu du irudi baten bitartez. Azkenik, Aitor Servier Aitzinako militanteak aukeratutako irudietako bat Euskaldunako langileen borroka islatzen zuen bat izan da. Guztiak irudi tragikoak. «Gatazka modu oso gordinean bizi izan dudan zerbait izan da», azaldu du Muguruzak. Izan ere, «gure komunitatea» horren inguruan eraiki dela gehitu du Servierrek: «Presoekiko elkartasun ariketetan, adibidez».

Beñat Gaztelumendik ‘Irutxuloko Hitza’n ‘Aurreko belaunaldiei, esker onez’ izenburupean idatzitako testua ardatz izan dute hizlariek, «gu gara huts egin duen belaunaldia, ez kargatu bete gabeko ametsak» bezalako ideiei buruz hausnarketa egiteko. «Agian hori da gure motxila, baina motxila horretan isiltasuna ere badago: gatazkak politikaz hitz egitea galarazten zigun, gauza asko ez dizkigute kontatu, eta orain motxila hori konpartitu behar dugu», adierazi du Albizuk.

Horren harira, gazteak gatazkaren sufrimenduaren ondorengoak direla argitu argitu du Muguruzak, baina baita «egun gatazka bizitzen ari garenenak» ere. Motxila hori ingurukoei gertatu zaienagatik kargatu duela azaldu du Muguruzak: «Ni nor naiz? Ane edo Josuren alaba?». Horrela, motxila hori zabaldu behar dela iragarri du, «gure ghettoan» ez gelditzeko xedearekin. «Guri ere garai zaila tokatu zaigu, gazte ikuspegitik estrategia berria zabaltzeko ardura tokatu zaigu», gehitu du Servierrek.

Errelatoaren eztabaidan sartuta, Muguruzak gatazkaren atzean dauden karga emozionalak, «gelditzen diren orban» guzti horiei buruz hitz egin ez dela azaldu du, urte horietan guztietan «zereginean erne eta tinko» ibili direlako. Bestalde, bai hizkuntzan bai komunikabideetan eta bai beste esparru batzuetan «kontakizun faltsua» ezartzen ari dela azpimarratu du: «Gatazka desitxuratuz, onak eta txarrak, eta garaituak eta garaileak egon zirela esaten dute». Ildo horretan, Servierrek gatazkaren erroetara joateko «pausoak ematen ari direla» uste du. «Ipar Euskal Herrian herrigintzatik jaio diren proiektuek Frantziako legeekin topo egin dute, eta herri eta Estatuaren arteko talka bezala irudiarazi da. Gure oraina behar bezala kontatzea garrantzitsua da», nabarmendu du.

Nonbait horretara begira

Atzoko borrokaz ikasiz eta etorkizunari begira, Albizuk «zenbat gauza egin zuten eta jasotako ondareak» baloratzen ez direla adierazi du. «Onartu behar dugu garai ezberdinak direla. Sortzen ari den belaunaldia ere errespetatu behar da, utz gaitzazue bide hori egiten, beste moldeekin baina konpromiso berdinarekin», galdegin du Muguruzak.

Servierren hitzetan, «iraganekoek ere gaitasun kritikoa izan behar dute, guk izango dugun bezala», eta, izan ere, «borrokarako grin hori piztu behar» dutela azpimarratu du.

«Ez dadila haria eten», amaitu du Albizuk.