INFO

Bi atxilotu Bilbon eta beste bat Erandion, indarkeria matxista egotzita

Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu 2019ko lehen orduetan Bilbon eta Erandion, indarkeria matxista egotzita.


Lehen atxiloketa astearte eguerdian gertatu zen Bilboko Cocherito kalean. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, gizon batek bikotekide ohia jo omen zuen eta emakumea mehatxatu zuen.

Kaletik paseatzen ari ziren pertsonek gertatutakoa ikusi eta emakumea lagundu zuten. 18 urteko gizonezkoa Pau Casals kalean atxilotu zuten, indarkeria matxista egotzita. Emakumea ospitale batera eraman zuten, lesioak artatzeko.

Bestalde, arratsaldeko 19.00etan, Ertzaintzak salaketa bat jaso zuen Erandiotik. Emandako informazioaren arabera, gertaerak Lutxanako etxebizitza batean hasi ziren, eta bertatik auto batean joan ondoren, patruila batek BI-735 errepidean geldiarazi zituen.

Poliziek emakume bat aurkitu zuten antsietate krisiarekin, eta anbulantzia bat bertaratzeko eskatu zuten. Emakumearekin batera gizon bat zegoen, emakumearengandik urruti egoteko agindu judiziala indarrean zuen arren.

Gizonak sakelako telefonoa eta autoko giltzak kendu zizkion emakumeari, eta ustez mehatxatu egin zuen. Hori guztia kontuan izanda, ertzainek 23 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, indarkeria matxista eta urruntze agindu judiziala urratzea egotzita.

Asteazken goizaldean berriz, anbulantzia bat eta Ertzaintzako patruila bat Bilboko Gordoniz kalera joan dira, gizon batek emakume bat jo duela salatu dutelako. Biktimak lesioak zituen sudurraren eta ezpainen artean, eta ospitale batera eraman dute sudurrean puntuak emateko.

Lekuko batek ertzainei adierazi die emakumearen bikotekideak edalontzi batekin jo duela aurpegian. Poliziek minutu batzuk geroago atxilotu dute 36 urteko gizonezkoa Iparragirre kalean, indarkeria matxista eta lesioak eragitea egotzita.