INFO

Liderrek aldeak handitu dituzte

Olaizola II.ak eta Albisuk oso erraz gainditu dituzte (9-22) Altuna II.a-Martija Bilbon eta Artola-Mariezkurrenari luze egin zaie Elezkano_Rezustaren aurkarko partida Labriten (22-14)

Altunak ezer gutxi egin ahal izan du Bilbon (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bi, edo hiru, abiaduratako txapelketa izaten ari da aurtengo Binakakoa eta esan daiteke Elezkano-Rezusta eta Olaizola-Albisuk eskuan dutela finalerdietako txartela, gaur jokatutako partidetan zazpigarren puntua eskuratuta. Hori bai, partida erabat desberdinak jokatu behar izan dituzte 22. kartoira heltzeko.

Iruñekoa izan da, ezbairik gabe, bietan partidarik ikusgarriena, batez ere lehen erdian, bi atzelariek sekulako ikuskizuna eskaini baitute Labrit zaharrean. Rezustaren ezkerra eta Jon Mariezkurrenaren eskuina nor baina nor aritu dira, sekulako pilotakadak jo dituzte biek eta pilotazaleek asko gozatu dute. Partidaren erdira arte lehia orekatua eta borrokatua izan da, baina tantoak aurrera egin ahala, beteranoagoen esperientzia nagusitu da. Baikokoak huts gehiago pilatu dituzte eta Mariezkurrenari ere eskua gastatu egin zaio azkenerako. Aurreko astean bezala, Danel Elezkanok sekulako lana burutu du eta 22-14 nagusitu dira.

Bilboko partidan, Altuna III.a-Martijari ez dago ezer leporatzerik, lana gogoz egin dute, baina Olaizola II.a-Albisu oso nagusi izan dira kantxan. Perfekziotik gertu aritu dira Baikokoak eta bakoitza berean oso nagusi izan dira. Aurreko partida gehienetan bezala, Jon Ander Albisuk ikaragarri gozatu du pilota bi eskuekin, Martija zazpiaz atzera izan du partida guztian eta gauzak asko erratu dizkio Aimar Olaizolari. Eta honek gutxitan barkatzen du eta gaur ere izandako erraztasunak erabat baliatu ditu era guztietako tantoak lortzeko.

Altuna saiatu saiatu da jokoan sartzen, baina oso urrutitik egin behar izan du eta min gutxi egin izan dio Aimar Olaizolari. Gainera, 1-8koan kolpe bat ere eraman du eskuin sorbaldan zabaletik pilota bat eramatera joan denean, baina sustoan geratu da eta partida normaltasunez amaitu ahal izan du.