INFO

G7rako segurtasun planak kezka eragin du Biarritzen

Abuztuan milaka eta milaka bisitari jaso ohi duen Biarrizko hiriaren bizimodua zeharo aldatuko du aurten G7koen goi bilkurak. Hiru egunez Hondartza Handiko ingurua hesituta izanen da eta, hiri erdian, oro har, mugikortasuna asko murriztuko da. Dendariek eta turismo eragileek berme garrantzitsua jaso dute; saltokiak eta udatiarren egoitzak zabalik izanen dira. Udalak eta Prefeturak aurkezturiko neurriek, ordea, ez dituzte zalantza guztiak uxatu.


Biarritz erdigunean lanak daude nonahi. Heldu den udan G7 taldeko goi bileraren karietara munduko mandatari andana hartuko duen Hotel du Palais zaharberritzeko lanak aurrera doaz. Trambus garraio zerbitzua martxan jartzeko lanek, berriz, trafikoaren norabidean aldaketak ekarri dituzte. Sei hilabete falta dira oraindik, baina ekimenak hirian izanen duen eragina gero eta argiago sumatzen da.

Esamesak eta asmatutako berriak bolo-bolo barreiatu dira uda garaian bere populazioa laukoiztu arren neguan herri giroa atxikitzen duen hirian. Egiari zor, iragan abenduaren 18an goi bilera prestatzeko eginiko bilkurak ez zuen giroa baretzen lagundu. Alderantziz, frantziar Kanpo Arazoetako ministro Jean-Yves Le Drianek diplomazialari multzoari eskainitako harrera zela-eta poliziak hiriko erdigunea guztiz hesitu zuen.

Clemenceau plaza, Bellevue kongresu-jauregia, Kasinoa, Hotel du Palais... hiriko bihotza jendez hustu zen, eta herritarren ordez uniformedunek hartu zituzten karrikak.

Finean, segurtasun plan hori are zorrotzagoa izanen dela aurreikusten da abuztuaren 24tik 26ra iraganen den goi bilerari begira.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak azaldutako planaren arabera, «lehen lerroa» hesituta izanen da bilkuraren bezperatik, segurtasun ikuskaritzak lehenago hasiko baitira. Berdin, goi bilera iraganen den egoitzetan, inguruko hiri eremuan zein bilkura egin bitartean itxita izanen den aireportuan ere.

Hondartza Handiko eremuan ohiko bizitza guztiz irauliko du G7koen bilerak. Bertan nazioarteko topaketara etorriko diren gonbidatuek eta beraien segurtasuna bermatuko duten polizia zerbitzuek lehentasun osoa izanen dute. Auzoan bizi diren biarriztarrek zein udatiarrek identifikatzaile bat erabili beharko dute eremuan mugitu ahal izateko. Hala, abuztuko asteburuetan ohikoak izaten diren turista oldeak nekez ikusi ahalko dira, finean, hiri eremu hori esklusio gune bilakatuko baita. Inguruko karriketan babesgunea ezarriko da, sartu-irteerak kontrolatzeko, eta bertako biztanleek ere beren datuak eman beharko dizkiote administrazioari, identifikatzaile berezia eskuratu ahal izateko.

Denda irekiak, auzoa itxita

Herriko Etxeak merkatariekin harturiko engaiamendua aintzat hartuz, gailurrak hartuko duen «eremu beroan» kokaturiko dendak eta turismo egoitzak ez ixtea deliberatu du azkenik Prefeturak. Hori zen dendarien kezka nagusia. Baina inork ezin badu auzoan sartu, nola etorriko dira bezeroak?

“Mediabask” hedabidearekin mintzatuz, Jeanne izeneko merkatariak bere urduritasuna aitortu du. «Inork ez daki G7ren denboran nola pasatuko diren gauzak, ezta bilkurak zer ekarri eta zer kenduko duen ere». Dendariak zenbakiak ere aipatu ditu. «Abuztu erdialdeko egun batean 4.000 euro sartzen ditugu kutxan, eta heldu den udan ez dakigu horrela gertatuko den».

Le Royalty jatetxeko kudeatzaileak gogoratu du Le Drian ministroak diplomazialari taldearekin harturiko hitzordua gauzatu baino zortzi egun lehenago jatetxea ireki zezakeela zioen posta elektronikoa jaso zuela. «Azkenik, istiluak tarteko, Poliziak jatetxea ixteko aholkua eman zidan», deitoratu du.

Le Georges kafetegiko arduraduna «ezer argi jakin ez arren» ziur da gailurraren denboran «kalteak ukanen» dituela.

Michel Venauc auzapez zentristak ulertzen du «zalantzak egotea». Izan ere, iraganean ere Biarritzen «nazioarteko ekimen arrakastatsuak» izan direla oroitarazi du. Dendariekin lehenik eta ondoren ostalariekin bilkurak egin zituen urtarril hasieran, eta ondoko sei hilabeteetan «harremanetan» jarraitzeko asmoa du. Horretaz gain, otsailean zehar informazio bulegoa eta doako telefono zenbaki bat jarriko dituzte martxan.

Anartean, Estatuaren eta Udalaren artean lehen desadostasunak agertu dira. Prefeturak manifestazioak debekatzeko erabakia ziurtzat ematen du. Alkatea, ordea, «protesta baketsuak» onartzearen alde dago. Besteak beste, goi bilerak ekar ditzakeen askatasun murrizketez hitz egiteko G7 Ez! plataformak alkatearekin hitzordua eskatzeko asmoa plazaratu du.