«Aita Mari» eta «Open Arms» ontzien blokeoa azaltzeko eskaria Madrili
Mediterraneora nabigatzeko debekuaren aurka, sinadurak biltzen ari dira «Aita Mari» euskal ontzia eta «Open Arms» katalana, Madrilen jarrera aldarazteko. Bitartean, egunero bederatzi lagun hiltzen dira itsasoan itota. «Aita Mari»-k ateak ireki dizkio jendeari Santurtzin.
Oposizioak azalpenak eskatuko dizkio gaur Madrilgo Gobernuari, “Aita Mari” eta “Open Arms” itsasontziei Mediterraneora ateratzen ez uzteko erabakiaren inguruan. Santurtzin dago bata eta Bartzelonan bertzea. Kongresuko Diputazio Iraunkorrak gaur erabakiko du PP, Unidos Podemos, Compromis eta ERCren eskaria onartuko duen, Exekutiboa ontzien blokeoaren gainean informazioa ematera behartzeko.
Bai “Aita Mari” bai “Open Arms” Mediterraneoan etorkin eta errefuxiatuak erreskatatzeko prestatuak daude, baina Gobernuak ez die horretarako baimenik ematen. Bitartean, egunero bederatzi lagun ari dira itota hiltzen Mediterraneoan. Urtarril honetan gutxienez 203 lagun hil dira jada.
Gobernua jarrera aldatzera bultzatzeko, sinadurak jasotzen ari dira biak Change.org plataformaren bidez. Jendartearen babesa erakustea eta presio egitea da kanpaina honen xedea.
Bisitak Santurtzin
“Aita Mari” erreskate itsasontzia Santurtziko pantalanean dago atrakatua, eta gaurtik ostiralera bitarte, 17.00etatik 19.00etara, ateak irekiak izango ditu jendeari Mediterraneoko egoera agertzeko. Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) itsasontziaren GKEak azaldu duenez, Gobernuak Mediterraneora ateratzea ekidin arren, Estatuko bertze portuetara joan daitezke itsasoko egoera dramatikoa salatzera eta boluntarioen testigantzak zabaltzera. Bisita horiek sinadurak biltzeko ere aprobetxatuko dituzte. 100.000tik gora jaso dituzte dagoeneko “Open Arms”-ek eta biek. Sustapen eta Presidentetza Ministeriora eramango dituzte, itsasontzien «blokeoaren erantzuleengana», hain zuzen.
Iruñeko Civican aretoan izango da bihar, 12.30ean, egoera larri hau pixka bat gehiago ezagutzeko beste aukera bat. Proactiva Open Arms GKEaren sortzaile Oscar Camps-ek “Bizitzak salbatzeko determinazioa Europaren deshumanizazioaren aurrean” izeneko hitzaldia emango du. “Open Arms” Mediterraneora zerk bultzatzen duen agertuko du, eta migratu beharra duten pertsonek etengabe sufritzen dituzten giza eskubideen urraketak esplikatuko ditu, baita eurak bezala laguntzera ateratzen direnek jasaten duten jazarpena ere. Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Sailaren ziklo baten barrenean egingo da ekitaldia.