INFO

Euskal kulturak hiria zeharkatuko du Loraldia izeneko tranbian

Sormenaren ibilbidea egingo du Loraldiak bere bosgarren edizioan. Martxoaren 12tik apirilaren 7ra bitartean euskal kulturaren hiriburu bilakatuko da Bilbo; 22 egunez 30 kultur hitzordu eta 200 euskal sortzaile dozena bat aretotan. Hiri osoa zeharkatzen du kultur programazioak, eta aurtengoan Joseba Sarrionandiak izango du protagonismo nagusia. Egitarauaren berri jakiteko, tranbiara igo eta hirian barna itzulia egitea onena.


Egunotan Bilboko tranbia Loraldiaren irudiarekin eta parte hartuko duten sortzaileen argazki erraldoiekin hirian gora eta behera ari da. Eta bosgarren edizio honen aurkezpenerako ere antolatzaileek bidaia berezia antolatu zuten geltokiz geltoki. Atxuriko tren geltokian abiatzen da Bilboko tranbia, eta bertan kamerak, argazkilariak, artistak, erakundeetako ordezkariak eta kazetari saldoak izan zuten egitarauaren berri. Martxoaren 12an abiatuko da Loraldia, asteartearekin, eta Bira kultur gunean izango du lehen geltokia. “Lur bat idazteko” izenburupean, Iñigo Aranbarri idazleak Joseba Sarrionandiaren geografian barna eramango ditu entzuleak, lur-itsasoetan murgildu eta bateko eta besteko lanetan agertzen diren lekuak hartuko ditu hizpide. Alde zaharra inguratzen du tranbiak, eta Arriaga antzokian du egitarauak bigarren geltokia.

Bien bitartean Maite Larburuk, tranbian jesarrita bere biolinaren laguntzarekin disko berriko kantuak jo zituen; bidaiari guztiek adi-adi entzun zituzten kantuok. Ezin atseginagoa.

Arriaga antzokia. Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz landuko dute Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Audience taldeak eta Joseba Irazoki eta Beñat Axiarik, besteak beste. “Kalaportu” deituriko sentikaria aurkeztuko dute Korrika Kulturalarekin batera martxoaren 15ean. Bilboko alde zaharrean bertan 1973an ireki eta duela urte batzuk itxi zuten Verdes liburu-denda ere gogoan izango dute Loraldiaren edizio honetan. Ekitaldi hori ere Arriaga antzokian izango da, baina martxoaren 24an. “Biz Hitza, Euskara batuaren historia dantzatua” gidoia prestatu du Xabi Payak Aukeran dantza konpainiarentzat. Hori ere Arriagan ikusi ahal izango da.

Zazpikaleak atzean utzi, Nerbioi ibaia gurutzatu eta udaletxe parean egin zuen tranbiak hurrengo geldialdia. Instituzioetako arduradunak jaitsi, dantza ikuskizun labur bat, agur bat, eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta Bilboko Udalaren sostenguaren berri eman zuten Loraldiako antolatzaileek. Aitziber Atorrasagastik, Lorea Bilbaok eta Nekane Alonsok Loraldiaren sasoia eta kolorea nabarmendu gura izan zituzten, euskal kultura bultzatzearen garrantzia eta egitarauaren aberastasun eta aniztasuna. Zaindu beharreko udaberria. Eguraldi ona. Jendea oinez erreka bazterretik eta Hibai Etxebarriaren kantu bat zuzenean. Berriz tranbiara igo eta bidaia aurrera doa.

Guggenheim azpitik eta Euskaldunaren ondotik egin zuen gero tranbiak. Bietan izango dira aurten ere emanaldiak. Eta horrez gain, hirian zehar Mikel Lertxundi artistak “Elkarketak” erakutsiko ditu. Artea kalean. Egurra, harria eta burdina lantzen ditu. Eta zazpi eskultura egongo dira ikusgai Bilboko zazpi plazatan. Burdinbidetik sumatzen da errekaren zabala. Itsas museoaren aldamenean Elkano ekarri digu gogora Ane Pikaza aktoreak. “Mundumira” ikuskizuna ekoitzi du aurten Loraldiak eta martxoaren 22an antzeztuko dute Euskalduna jauregian. Formatu txikiko antzezlan honetan musika eta bakarrizketak tartekatzen dituzte aktore eta musikariek. “Munduko Poesia Kaia” martxoaren 23an Itsas Museoan, eta munduko poetak euskaraz emango dituzte Jose Luis Otamendi idazleak, Iraia Elias aktoreak eta Noemi Viana dantzariak, Oier Guillanek landutako saioan.

San Mamestik Casillara

Bigarren kantu bat eskaini zuen Maite Larburuk. “Hezurren azpian” izango da bere hurrengo lana, eta Loraldian aurkeztuko du martxoaren 28an, Azkuna Zentroan. Gogoz txalotu zuten bidaiariek bere kantu bakoitza eta gehiagoren irrikan geratu ziren guztiak. San Mames ondotik, Casillaraino egin zuen bidea trenak, hiria alderik alde zeharkatuz. Euskal kulturak udaberrian urtero egiten duen lez. Zinema, literatura, bertsolaritza, musika, dantza, ikuskizun ugari martxo eta apirilean Bilbon. Nahi beste ekitaldi eta sorkuntza, hiri osoan.

“Lur bat idazteko” goiburupean hasi eta “Buztinezko etorkizuna” ikuskizunarekin emango zaio amaiera aurtengo Loraldiari apirilaren 7an. Itxaro Bordaren testu baten gainean, Mursegoren musika lagun, bertsotan arituko dira Miren Amuriza eta Oihana Iguaran Guggehmeim museoko auditoriumean. Geroak esango du trenak zer ekarriko duen.