INFO

EH Bildu: Etxeraten barkamena bizikidetzaren aldeko ekarpen ausarta da

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du Etxeratek ETAren biktimei eskatutako «barkamen zintzoa» bizikidetzaren aldeko «ekarpen ausarta» dela.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea (Endika PORTILLO / FOKU)

Atzo Etxeratek barkamena eskatu zien ETAren biktimei, «nahi izan gabe, gure distantziagatik», haien «minaren aurrean isiltasuna» gorde duela eta «urrun» egon dela aitortuta. Gaur, Casanovak publiko egin duen komunikatu baten bitartez, koalizio subiranistak adierazi du Etxeraten ekintzak «balio bikoitza» duela.

Batetik, «ETAren biolentzia pairatu duten pertsonekiko keinu garrantzitsua» delako, zeintzuei «argitasunez» jakinarazi zaien «euskal gizartean inork ez duela ukatzen pairatu duten sufrimendua».

Bestetik, Etxeratek ez duelako bilatzen «inongo ordainik» eta ez duela egin «ezein exijentziak» bultzatuta. Kontrara, «ekintza zintzoa izan da, ETAren biktimekin azkenaldian eratu den elkarrizketa eta hausnarketa bateratuko espazioak bultzatutakoa».

«Uste dugu hau dela formula egokia bizikidetzan aurrera egiteko: elkar entzun, enpatia aktibatu eta, erantzukizunetik, bizikidetza normalizatuago baten alde egiten saiatzea», nabarmendu du Casanovak.