INFO

Bigarren kontsulta independentista Eskozian: «datozen asteetan» egingo du zirt edo zart Sturgeonek

Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek Holyrooden baieztatu du «datozen asteetan» egingo duela bigarren independentzia erreferendumaren inguruko eguneratzea. Kontsulta deitzeko ahalegin berri bat egingo balu, baina, ziurtatua luke Gobernu britainiarraren ezezkoa.

Nicola Sturgeon, lehen ministro eskoziarra, artxiboko irudi batean. (Jeff J. MITCHEL/FOKU)

Bolo-bolo zebilen zurrumurrua, eta ugaritzen ari ziren esanak azken egunetan. Guztien ahotan zebilen Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek bigarren independentzia erreferendumaren inguruan egin beharreko eguneraketa; atzera edo aurrera, zirt edo zart.

Eta, dirudienez, erortzear da aipatu adierazpena, Sturgeon berak Holyroodeko Legebiltzarrean baieztatu duenez. Patrick Harvie Eskoziako Berdeen eledunak egin dio galdera saio parlamentarioan: «Britainia Handiak 50. artikuluaren luzapena eskatuko balu ere, egingo duzu [bigarren independentzia erreferendumari buruzko] eguneraketa?». «Bai», erantzun du lehen ministro eskoziarrak, zalantza guztiak uxatuz.

Ikusteke dago, baina, eguneratzeak emango duena. Ziurtzat ematen da bigarren kontsulta bat deitzeko eskakizuna egingo diola Londresi, honen ezezkoa egintzat ematen den bezala.

Izan ere, Eskozian izan da ostegun honetan Jeremy Hunt Atzerri ministro britainiarra, eta argi utzi du zein izango den bere Gobernuaren jarrera Edinburgoren eskakizun berri baten aurrean. «Noski» erantzun du Gobernu britainiarraren ordezkariak Sturgeonen eskariari uko egingo dioten galdetuta.

Balizko ezezko horren aurrean Gobernu eskoziarrak hartuko duen jarreraren inguruan zalantza gehiago daude. Kontraesanezkoak dira Edinburgoko Gobernutik eta SNPtik helarazten ari diren mezuak. Esaterako, Theresa Mayren Gobernuak dioenari erreparatzeak ez duela merezi adierazi du Keith Brown SNPko lehendakariordeak; Sturgeonek, baina, uko egin dio Londresek espresuki baimendu gabeko erreferendum bat antolatzeari.