INFO

«Haratzago» iritsi nahi du Lekeitioko Azkue ikastolak

Xabat Galletebeitiaren bertsoetan oinarrituta sortu du Ibilaldiako kanta Aritz Elordietak. Lekeition maiatzaren 19an ospatuko den Bizkaiko ikastolen jaiaren abestian Euskal Herriko musikari ugarik hartu dute parte herritarrekin batera, euskarari bultzada emateko asmoz.


Lekeitioko Azkue ikastolak ospatuko du aurtengo Ibilaldia maiatzaren 19an. Bizkaiko ikastolen festan kostaldeko herri honetan antolatzen duten hirugarren aldia izango da honakoa, 1986 eta 2003ko edizioen ostean.

Azkue ikastolak 16 urtera arteko heziketa eskaintzen die haurrei, baita ondorengo batxilergoa eta Lanbide Heziketa ere bai. Ibilaldiarekin lortu nahi dituen helburuak hezkuntza eredua herriratzea, eztabaidarako plaza bilakatzea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea dira.

‘Haratzago’ da festaren leloa, ikastolak hasieratik izan duen jarrerari erreferentzia eginez. «Garai eta kontestu bakoitza kontutan izanda, beti haratzago joan da. Ikastola aitzindaria izan da, gure bidea egiteko beharrezkoa delako jarrera hori», argitu dute. Azkue ikastola izan zen «lehena euskaraz irakasten, neskak eta mutilak gela berean nahasten, hezkuntza eleanitza sustatzen, beste herri batzuetako ikasleekin elkartrukeak egiten, IKTak erabiltzen, eta orain, konfiantzaren pedagogia inplementatzen».

Eguzkiaren zain

«Ez da erreza izan aurtengo Ibilaldiaren jaiari leloa jartzea. Ausardia, aldaketarako grina, auzolana, etxekotasuna, komunitatea, herritartasuna, eraldaketa… hitz edo esaldi bakar batean adierazteko ariketa xelebre ugari egin ditugu aurrez, eta azkenean aho batez Haratzago berba begitandu zaigu egokiena eta borobilena. Leloa aukeratuta, Xabat Galletebeitia, gure ikastolako bertsolariak hartu du abestiaren letra osatzeko beharra», adierazi dute.

Leloa eta abestiaren zati bat aukeratuta, estrofa bat edo beste aldatu eta raperako beste zati bat atxikita, abestiari forma emateko ardura Aritz Elordietak hartu du. Honek abestia konposatu eta egun batzuk estudioan pasatu ditu Euskal Herriko hainbat artistaz lagunduta: Iker Lauroba (Lauroba), Jorge Sanchez (Etsaiak, Desira), Yon Figueroa (Drakken), Axular Arizmendi (Nahixan), Joseba Iturraspe (McOnak), Joseba Gereduz (Sustrajah band), Maria Laka (Drunk Smile), Auo (Etsaiak), Babou Tiord (Gunflow), Aritz Toki (Etsaiak, Parasma), Eñaut Elorrieta (Ken 7), Alex Sardui ( Gatibu, Exkixu), Zuriñe Hidalgo (Hesian), Iker Figeroa (Sustrajah band), Aimar Beato (Lekitxoko banda), Unax Mendiguren (Ikaslea), Alina Izagirre (Ikaslea), Malen Ugarteburu (Ikaslea), Irati Zendoia (Ikaslea) eta Urko Madarieta (Ikaslea).

Bideoklipa prest dute ere bai. Grabaketak pixka bat atzeratu behar izan dituzte eguraldia okerrera egin zuelako eta beraiek eguzkiaren bila zeudelako.