Etxarri Aranatzetik Lemoara, Gazte Topagunearen ibilbidea
1994an antolatu zuten Gazte Topagunea lehen aldiz, Etxarri Aranatzen. Hortik aurrera topaguneak, danbadak edo mendi martxak egutegian markatutako plan bat izan dira Euskal Herriko gazte askorentzat. Gazte antolakundean aritutako belaunaldi ezberdinetako kide ohiekin ekimen horren ibilbidearen erradiografia bat egin dugu.
1979ko maiatzaren 6an Jarrai, gazte antolakunde independentista eta sozialista, sortu zen Hego Euskal Herrian. 1995ean, Ipar Euskal Herrian, Gazteriak antolakundea sortu zen. Eta 2000 urtean, Pirinioen bi aldeetako antolakundeak batu eta Haika sortu zuten. Errepresioak gogor jo zuen gazte antolakundearen kontra, eta 2001an Estatu espainiarreko Auzitegi Nazionalak Haika ilegalizatu zuen, eta urte bat geroago Segi antolakundea ere bai.
Baina errepresioak ez zuen euskal gazteria kikildu. Urteetan zehar eraman duten borroka politikoaz aparte, 1994tik gazte topaguneak, danbadak edo martxak antolatu dituzte urtero udaberrian. Etxarri Aranatzen izan zen lehenengo topagunea. Geroago Oiartzunen, Kanbon, Elorrion, Lezon, Durangon, Laudion... izan dira horrelako ekimenak, besteak beste. Aurten Lemoan izango da, eta gazte antolakundea sortu zeneko 40 urte ospatuko dira.
Ruben Nieto 90ko hamarkadan egon zen Jarrain militatzen, eta ondorioz, lehenengo gazte topaguneak bizi zituen antolakuntzako lantaldean. «Jarrain oso kontziente ginen, Euskal Herriak gazte mugimendu potente bat behar zuela. Gazte komunitatea egitea nahi genuen, eta hainbat eremuetako gazteak batzea: militanteak, musikariak, sortzaileak...», dio Nietok.
Ana Lizarraldek, hamarkada horretan gazte antolakundeko bozeramailea izan zenak, ondo gogoratzen ditu garai horiek. «Jarrai, krisi sakon batetik zetorren, eta bere bosgarren biltzarrean oinarri berri batzuk jarri ondoren, topagunearen bidez bilakaera hori islatu nahi genuen. Lehenengo topagune eta martxa horiek indar erakustaldi bat izan ziren».
Lehenengo Gazte Topagunea Etxarri Aranatzen
1994ko udaberrian, Gazte topagunea antolatu zen lehen aldiz, Etxarri Aranatzen, eta lehen aldi guztietan bezala, erronka handia zen. «Euskal Herriko hainbat musikari eta pertsonekin hitz egin genuen, eta askok ‘zoratuta zaudete, hori ezin da egin’ esaten ziguten. Baina antolatzea lortu genuen, eta irakaspen bat izan zen», gogoratzen du Nietok.
Hala ere, arazoak «etengabeak» izan ziren. Horrelako gauzak antolatzeko aurrekaririk ez zegoen eta Nietok gogoratzen duenez, eguraldi txarrak arazoak areagotu zituen: «Hamar minuturo arazo berri bat sortzen zen. Adibidez, lehenengo gauean Su ta Gar taldearen kontzertua hastear zegoenean, karpa urez gainezka zegoen... Su ta Garreko kideekin ura palekin sikatzen egon ginela gogoratzen dut, eta aldi berean harea ekarri genuen ez dakit nondik, kamioi batzuekin. Ia bertan behera geratu zen kontzertua, baina azkenean lortu genuen. Horrelako mila gauza gertatu zitzaizkigun arlo guztietan».
Nietok, Etxarri Aranatzeko herritarren «laguntzeko prestutasuna» nabarmentzen du ere bai: «Topagunearen antolakuntza lantaldekoak aste bat lehenago egon ginen Etxarrin dena prestatzen, eta horko jendearen etxeetan egon ginen lo egiten. Gainera, arazo baten aurrean, Sakanako gazteek beti irtenbide bat zuten. Ikaragarria zen».
Lizarraldek topaguneez gain, beste ekimen batzuk ere nabarmentzen ditu. Alde batetik, 1995an Beratik Bidasoara egindako mendi martxa: «Martxa horretan, nazio bat ginela irudikatu nahi genuen, eta iparraldeko zein hegoaldeko gazteek elkarlanean aritu behar ginela nazio horren eraikuntzan. Beraz, inposatutako eta barneratutako mugak gainditzeko ekimen praktiko bat izan zen».
1995ko martxa horrek espainiar eta frantziar estatuek ezarritako muga zeharkatzen zuen etengabe, eta Lizarraldek gogoratzen duenez, poliziaren kontrola «etengabea» izan zen. Urte horretan, Ipar Euskal Herriko gazteek Gazteriak antolakundea sortu zuten.
Lizarraldek aipatzen duen beste martxa 1997koa da. Urte horretako edizioan, Bizkaitik eta Ipar Euskal Herritik zetozen bi zutabeak Amezketan batu ziren, eta hortik, guztiak batera, Lekunberrirako bidea hartu zuten, non Guardia Zibilak kuartel bat duen.
Martxoaren 27an, mendi martxa ospatzen ari ziren bitartean, Josu Zabala, ETAko militantea, tiroz hilda agertu zelaren berria zabaldu zen. Euskal Herri osoan hainbat protesta egon ziren. Jarraik, mendi martxa bertan behar utzi eta Iruñeako manifestaziora joateko deia egin zuen. «Horrek, Euskal Herrian bizi genuen errealitatearen aurpegirik gordinena zen, asko hunkitu zidan», dio Lizarraldek.
Ilegalizazio garaiak
Gazte antolakundeko kide askok bortizki ezagutu dute errepresioa. Ruben Nieto eta Ana Lizarralde esaterako, espetxeratuak izan ziren 18/98 auzian zigortu ondoren.
Ibon Meñika ere kartzelaratua izandakoa da eta gogoratzen duenez lehenengo topagune horiek eta gero hasi zen gazte antolakundean militatzen, 1995ean. Bere lehenengo topagunea 1996koa izan zen, Zaldibian ospatutakoa. Horretan, militante bezala hainbat txanda egin zituen, eta 1998ko Oiartzuneko topagunetik aurrera antolakuntza lantaldean egon zen.
2000an, Jarrai eta Gazteriak antolakundeak batu eta Haika sortu zuten. Urte horretan Kanbon antolatutako topagunean aurkeztu zuten gazte antolakunde berria. Baina bakarrik urte bat iraun zuen, 2001ean Baltasar Garzon epaileak antolakundea legez kanpokotzat jo ostean. Hainbat sarekada egon ziren eta Haikako militante asko atxilotu zituzten. Honen ondorioz, Haika desegin, eta ekainaren 16an Segi gazte antolakundea aurkeztu zuten Iruñean. Baina 2002an Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi zuen gazte antolakunde berria Hego Euskal Herrian.
Meñika, ilegalizazio horien ondorioz espetxeratu zuten. Hamar hilabete kartzelan egon eta gero behin-behinean atera zuten, eta atera bezain laster 2002ko Elorrioko topagunearen antolakuntzan parte hartu zuen. Geroago berriro atxilotua izan zen. Ilegalizazioek gazte antolakundea asko baldintzatu zuten, topaguneak barne. Meñikak horren eragina gogoratzen du: «Baldintza egokietan zaila bada ere, ilegalizatuta dagoen antolakunde baten perspektibatik are zailagoa da. Baina aurrera egin genuen, barita magikorik gabe, baizik eta hiru elementu garrantzitsuen bitartez: antolakuntza, borroka eta konpromisoa. Horien bitartez egiten dira gauza handiak herri honetan».
Karlos Renedo, Kanboko topagunean hasi zen gazte antolakundean, eta espetxean izandakoa da ere bere militantziagatik. Bere lehenengo topaguneetan mota askotako txandak egiten egon eta gero, 2006an eta 2008an antolakuntza lantaldean sartuta egon zen. Berari ilegalizazio garai horiek bizitzea tokatu zitzaion ere. «Gazte antolakundea eta gazte topagunea ofizialki banatzen saiatu behar genuen. Topaguneko antolakuntzan jende desberdina inplikatzen saiatzen ginen, naiz militanteak ez izan. Herri apropos bat aurkitzea beti zen zaila, eta kanpoko kontratuak lotzerakoan zailtasun handiak geneuzkan, euskal gazteriarekiko kriminalizazio handia zegoelako».
Hala ere, Renedok, oso ondo gogoratzen ditu topagune horiek: «Topera bizitzeko egun batzuk ziren. 24 orduz edozer egiteko aukera ematen zizun, hitzaldiak, parrandak, bazkariak lagunekin, gazte ezberdinak ezagutzea...».
Ernairen sorrera
Irati Sienra 2006 urtetik aurrera hasi zen gazte antolakundean, 2008an joan zen lehen aldiz topagune batera, Lezon. Berriz ere, eguraldiak ez zuen topagune horren alde egin: «Eguraldi oso txarra egin zuen, elurra eta guzti. Kanpalekua lokatzez beteta zegoen eta kanpin denda erdi apurtuta geneukan. Gainera dutxak oso urrun zeuden, eta dutxetatik bueltatzerakoan berriz zikin zeuden. Akeita gunean pasatu genuen ia topagune osoa, leku lehor bakarra zen», gogoratzen du Sienrak. Baina, hala ere, ondo gogoratzen du topagune baten aurrean zeukan «ilusioa».
Sienra, Zukgua prozesua eta geroko Urduñako gazte danbadan egon zen ere, non Ernai aurkeztu zen gazte antolakunde berri bezala. Hala ere, Sienrak gogoratzen duenez, topagunea antolatzea ez zen erraza izan, «aurreko urteetan topagunearen antolakuntza lantaldean egondako jende asko espetxean zegoen, eta transmisio falta egon zen. Hori gazte antolakundeko atal guztietan gertatu zen, ia-ia lantalde guztietako arduradunak berriak ziren».
Ana Lizarraldek esaten duenez, gazte topagune bakoitzak bere helburu partikularrak ditu, «bakoitza, bere testuinguruan, gazte antolakundeak zituen helburuekin kokatzea». Baina guztiek helburu komunak dituzte elkarrizketatuentzat: Gazteriaren indar erakustaldia, proiektu ezberdinen topagunea, politizazio eremu bat…
Irati Sienrak dioenez, komunitatea sortzeko balio du ere, «ezker abertzaleko gazte guztiok plan berdina izatea eta espazio bera konpartitzeak, komunitatea sortzen du, zerbaiten parte izatearen sentimendua». «Baina baita ere, egun horietan guk nahi dugun moduan bizitzea: harreman aske eta horizontalekin, dogma askorekin apurtzea, jendea ezagutzea eta ondo pasatzea», gaineratzen du Renedok.
40. urteurrena
Aurten, gazte antolakundearen 40. urteurrena izanak, bereziago egingo du aurtengo topagunea. Lizarraldek topaguneari begira Ernaik eta Aitzina egin duten lanketa nabarmentzen du, «memoria kolektiborako eta norbanako memoriarako oso ariketa interesgarria iruditzen zait». Baina hala ere, aurrera begiratzeko garrantzia azpimarratzen du: «topagune honek gazte mugimenduari beste bultzada bat emateko oinarria ezarri behar du». «Gazte antolakunde batek 40 urte betetzea ez da erraza, horrek erakusten du herri honek bere burua antolatzeko duen gaitasuna. Euskal Herrian hainbat oztopo eta muga bizi izan ditugu, baina horren aurrean gazte mugimenduak proiektu berriei bideak zabaltzea lortu du», dio Nietok.