Errefuxiatuen egoeraren berri ematen duen dantza ikuskizuna
Dantzaz konpainia aurten ere Bilbon arituko da Loraldian. Errefuxiatuekin elkartasuna adierazteko egitasmoa landu dute Larart proiektuaren baitan. Duela 80 urteko Gurseko errefuxiatu eremua eta egun Mediterraneoan bizi duten egoera lantzen ditu «Basotik itsasora» ikus-entzunezkoak, eta «Basoa» dantza ikuskizunak errefuxiatuen egoera islatzen du.
Casilla kiroldegian saskibaloi partidak izaten dira normalean. Munduan, sarritan, iheslariak eta errefuxiatuak aterpetzeko gune bilakatzen dira kiroldegiak. Datorren apirilaren 6an, larunbatarekin, errefuxiatuen egoerari buruz gogoeta egiteko “Basoa” dantza ikuskizuna eskainiko dute Dantzaz konpainiako hamar gaztek.
Dantzaz konpainiako Fernando Saenz de Ugarte zuzendariak aurkeztu zuen Larart proiektua: «Bi osagai nagusi ditu aurtengo proiektu solidario honek, batetik ‘Basotik itsasora’ dokumentala egin dugu errefuxiatuen egoeraren inguruan, eta ‘Basoa’ koreografia». Duela 80 urte Ipar Euskal Herritik kilometro gutxira dagoen Gurs eremua euskaldun eta errepublikano askoren errefuxiatu eremu bilakatu zen. Dantzaz konpainiako zuzendariak nabarmendu zuenez, orduan ere sorkuntza handia egon zen eremu honetan. «Baldintza txarrenetan ere sorkuntza ikaragarria egon zen Gursen, kabaret bat antolatu zuten, abesbatza izan zen, arte plastikoak ere landu zituzten», gogora ekarri du Fernando Saenz de Ugartek.
80 urte beranduago, “Basoa” koreografian mundua zeharkatzen ari diren errefuxiatuak izango dituzte gogoan. Kiroldegiko kantxa barruan egongo dira batuta ikusle guztiak, eta jende artetik dantzariak altxatu eta erdigunean arituko dira dantzan, egungo errefuxiatuen bizitza islatuz.
Gurs eta Mediterraneoa
Goizean baina, Bilboko Golem zinemetan “Basotik itsasora” dokumentala proiektatuko dute. «Gurseko basoan hasi eta Mediterraneo itsasoan errefuxiatuek bizi duten egoera islatzen du», adierazi zuen Dantzaz konpainiako zuzendariak. Beñat Gerekak zuzendu du ikus-entzunezko lan hau, eta Hotz Zarautz elkartasun taldearen laguntza izan du. Alboan nazioarteko elkartasuna lantzen duen gobernuz kanpoko erakundeak berriz, errefuxiatuen egoeraren berri ematen duen argazki erakusketa jarriko du Casilla kiroldegian bertan, eta dantza saioan biltzen den diruarekin, Erdialdeko Amerikan proiektuak egiten jarraitzea bermatuko du.
Lertxundiren obra Bilboko kaleetan
Mikel Lertxundi artista berrituarraren lanak ikusgai izango dira gaurtik aurrera Bilboko kaleetan. Hiriburuko zazpi puntu ezberdinetan egurrarekin, harriarekin eta burdinarekin landutako zazpi artelan jarriko dituzte Loraldia jaialdiaren karietara. Artelanok ikusgai jarri eta jendaurrean aurkezteko egun osoko egitarau ibilbidea antolatu du Loraldia jaialdiak.
Alde Zaharraren ondoan dagoen Erribera kalean eta zubiaren ondoan hiru metro inguruko hiru pieza egongo dira ikusgai, egurrezkoa, harrizkoa eta burdinazkoa. Arriaga plazan “Etxeak” izeneko pieza multzoa, Isozakiko dorreen aldamenean eta Guggenheim museo ondoko belardi batean beste eskultura lan bana. Euskadi plazan “Poesia” izeneko eskultura eta Alondegiaren kanpoaldean “3 aukera” izeneko hiru bola esferiko handi. Ercilla oinezko kalean harria, egurra eta burdina barnebiltzen dituen obra bat. “Elkarketak” deitu diote euskal artista batek Bilbon kalean egiten duen lehen erakusketa honi.P.G.