INFO

Irungo Harrera Sareak Martindozenearako bidea seinaleztatu du

Renfeko tren geltokitik Martindozenea harrera egiteko etxerainoko bidea oinatz berdez markatu du Irungo Harrera Sareak, migratzaileei nondik joan erakusteko. Udalbatzan onartu zen arren, Irungo Udalak behin eta berriz eman dio ezezkoa neurri horri. Beraz, Harrera Sareak egin zuen lana bart gauean.

Bart gauean jarri zituzten panela eta oinatzak Irungo Harrera Sarekoek, etorkinei Martindozenearako bidea erakusteko. [Amaia OCA].

Lau bat hilabete dira Irundik pasatzen diren migratzaileek Martindozeneako bitartekoa dutela bidaian geldialdi bat egiteko. Bitartekoa martxan jarri zenetik behin eta berriro azpimarratu izan du Irungo Harrera Sareak Renfeko tren geltokitik harainoko bidearen seinaleztatzea zeinen garrantzitsua den, gainerakoan zaila baita hiria ezagutzen ez duen edozeinentzat tokia topatzea, eta horixe gertatzen zaie migratzaileei.

Hala azaldu dute Irungo Harrera Sarekoek gaur goizean, tren geltokian, bart gauean jarri zuten panelaren aitzinean emandako prentsaurrekoan. Udalaren ezezkoaren aurrean, eurek eman dute pausoa, eta oinatz berdeak margotu dituzte geltokitik Martindozenearaino. Orain arte, seinalizazioaren faltan, migratzaileak laguntzen ibili dira sarekoak.

Urtarrilaren 1etik, lantalde ezberdinen bidez, 938 lagun artatu, informatu eta lagundu dituzte, horietako 819 gizonezkoak, 78 emakumezkoak eta 41 adin txikikoak. «Alferkeriaren eta ikusezintasunaren kronologia» gisa laburbildu dute Irungo Udalaren jarrera. Izan ere, joan den azaroan Udalbatza osoak sarearen lana aitortu eta otsailean, PSE eta PPren abstentzioarekin, egindako eskaerei (tartean seinaleztatzea) erantzutea adostu bazuen ere, Udalak ez du oraindik neurririk hartu.

Gainera, Udalbatzaren erabakiari muzin eginez, otsailean, Jose Antonio Santano alkateak sareari azaldu zion ez zegoela bidea seinalizatzeko beharrik eta, prozesua oso luzea izanik, ez zela gauzatuko. Bart gauean bertan burutu zuten lana sarekoek.

Biharko udalbatzan hitza hartuko dutela iragarri dute, seinaleztapenari buruzko informazioa eman eta otsailean onartutako mozioak dioenez egindako eskaerei erantzun behar dietela oroitarazteko. Besteak beste biltzeko toki bat eskatu zuten, harrera errazteko.