INFO

Ipar Euskal Herria zeharkatu eta lehen aldiz Bokalera iritsi da Korrika

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan barrena ibili da Korrika, euri artean tarteka, eguzkiaren goxotasunean beste batzuetan. Euskararen aldeko lasterketak ez du etenik, eta une hunkigarriak utzi ditu Ipar Euskal Herrian.

Korrikak Zuberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdi zeharkatu ditu gaur. Bob EDME

Gau erdia pasata iritsi da Nafarroa Beherako lurretara, Nafarroa garaitik zetorren 21. Korrika. Orreagako elur malutak euri tanta bilakatu dira Luzaiden, eta goizeko 3etan, euriak atseden hartzen ez bazuen ere, jendez bete dira Donibane Garaziko karrikak.

Zuberoako hiriburuan ere «itzelezko giroa eta jendetza» izan dela nabarmendu du Arnegitik Donapaleura arteko bidea korrika egin duen lagun batek. «Oxkaxeko igoera untsa egin dut, baina jaitsiera gogorra izan da», aitortu du 40 urteko korrikalariak. Momentu hunkigarriena berriz, Altsasuko lagunek lekukoa hartu duten unea izan dela nabarmendu du.

Donapaleun ere, oraindik euria egin arren, giro bikaina izan da. Bere hiru haurrekin korrika egin duen emazte batek ostera, joaldunek lekukoa hartu duten unea «bereziki ederra» izan dela aipatu du.
 
Kanbon politikariak izan dira protagonistak. Arratsaldeko 15.30ak aldera iritsi da lekukoa eta eskuz-esku pasatu dute erakunde publiko desberdinetako ordezkariek. Garapen, Kontseiluak, Udalbiltzak, Auzapezen biltzarrek zein Euskal Elkargoak 733. kilometroa egin dute, eta Jean-Rene Etchegaray lehendakariak ekimenaren garrantzia azpimarratu du.
Korrika Lapurdiko hiriburura iristen joan den heinean lainoak desagertu eta eguzkia indar hartzen hasia da. Horrela, Baionako erdigunera iritsi denerako ordura arte itxita zeuden lehia gorri eta berdeak ireki eta kale bazterrak morez jantzi dira.

Jende gehiena Roland Bartjes lautadan ezarritako karpan bildu da, baina eremu hura ere guztiz ustu da arratsaldeko seietan, Korrika heldu denean. Multzo morea globo bat bezala puzten joan da Baionako karriketatik pasa ostean eta herriko etxera iritsi denean zain zegoen beste multzo handi bat batu da. Santespirituko zubia morez margotu dute euskaltzaleek eta handik, lehen aldiz Bokalera abiatu dira.

Hamar minutuko atzerapenarekin, baina behingoagatik iritsi da Korrikako lekukoa Aturri ibaiaren ekialdera, eta furgonetatik, «aupa Bokale, historikoa da!» oihukatu dute. Baina oraindik bazen berrikuntzarik Landetako mugan. Iaz sortu zen Lapurdiko nesken arraun taldeak lekukoa hartu eta ibaiaren beste aldera eraman baitu traineruan.

Zain ziren Angeluarrak ibaiaren mendebaldean, eta berriz ere korrikalarien eskuek inguratu dute testigua. Kostaldetik Biarritzera bidean, Lapurdiko surf elkarteko kideek eta Biarrizko surf entrenatzaileek ere, orkatilatik txikota askatu eta korrika ekin dute Bidarte aldera.

Nafarroan murgilduko da berriro Korrika datozen orduetan. Aste oso bat du aurretik oraindik helmugara iritsi arte.