INFO

Andre Darraidou, Auzapezen Biltzarreko buru ohia, zendu da

Andre Darraidou, Iparraldeko Auzapezen Biltzarreko buru ohia, zendu da gaur gaixotasun larri baten ondorioz. 73 urte zituen eta hamazazpi urtez Ezpeletako auzapeza izan zen. Batera plataformaren partaide, Iparraldean departamendua sortzearen alde agertu zen Elgar-Ensemble alderdi zentristaren bultzatzaile nagusienetarikoa izan zen Darraidou.

Andre Darraidou. (©Gaizka IROZ)

Bere familiak azkeneko bost belaunaldietan kudeatu duen Euzkadi jatetxearen jabe izan zen baitaere Andre Darraidou. 1989an hautetsi bilakatu zen lehenaldikoz eta 2006 arte Ezpeletako auzapez gisa jardun zuen. Bere agintaldian Ezpeletako piperrak sor marka eskuratu zuen.

2000. urtean gauzatu zen urratsak garapen ekonomiko handia ekarri zion Ezpeletako herriari soilik ez baizik eta izendapenak babesten duen eskualde osoari. Horren geroztik Ezpeletako izena mundurat zabaldu da «urre gorria» sukaldari ospetsu anitzentzat ezinbesteko osagaia bilakatu baita.

Horretaz gain, Darraidou Herrikoia kreditu kooperatiba eta Merkatal eta Industria Ganbararen sostenguz garatu den Goazen Turismo klusterraren bultzatzaileetarikoa izan den.

Egun hauetan Txinan bisita burutzen duen Ezpeletako delegazioko kide den Panpi Dirassarrek zendu berri den auzapez ohiaren adorea goraipatu du FranceBleu irratiarekin mintzo. Herriko hautetsi eta Turismo bulegoko buruak oroitarazi duenez, «Darraidouk Ezpeleta eta Euskal Herria maite zituen eta horien alde lan eta borroka anitz egin zuen bizitza guztian».

Hain zuzen, Auzapezen Biltzarreko buru gisa, baita Batera plataformako kide bezala ere, Ipar Euskal Herriko departamendua sortzearen alde jardun zuen Elgar-Ensemble alderdi zentristaren hauspotzaile nagusienetariko bat izan zen gaur hil den Darraidou.

Bere aldeko hileta elizkizunak heldu den astelehen goizean iraganen dira Ezpeletan.