INFO

Uztaritzeko bost zinegotzik dimisioa aurkeztu dute

Lore Aristizabal, Tomas Daguerre, Arño Ospitaletxe, Janp Lapeyrade eta Yf Matxikote zinegotziek dimisioa eman dute, atzo Uztaritzeko Udalak eginiko osoko bilkuran eztabaidatu zen aurrekontuaren hainbat atalekin beren desadostasuna agertu ondoren. Matxikote iragan irailaz geroztik udal gobernutik kanpo zegoen.


2014an Uztaritze Bai izeneko zerrenda zabalak herriko bozak irabazi zituen Uztaritzen. Lehen aldia zen hautagaitza aurrerakoi eta abertzale batek horrelako emaitza lortzen zuela Iparraldeko herri ertain batean (abantzu 7.000 biztanle ditu).

Izan ere, azkeneko hilabeteetan arrakalak agertu dira gobernu taldean. Joan zen irailaren 11an, herriko kontseiluan Bruno Carrere auzapezak finkaturiko politika auzian eman ondoren, If Matxikote zinegotzia baztertua izan zen. 2017ean herri kontseilari horrek euskarari dagokion ardura utzi zuen, geroztik jarrera kritikoa agertu zuelarik, besteak beste euskarazko hitzartzeak frantsesera itzultzeko aginduei uko eginez.

Atzo arratsaldean eginiko bilkuran, beste lau zinegotzik ildo beretik jo zuten. Matxikoterekin bat eginez, aurrekontuaren 11 puntu babesteari uko egin zioten. Auzapezak euskaraz soilik eginiko interbentzioa aktan ez jasotzeko agindua eman ostean, bost ordezkariek gutuna publikoa egin dute, gaur arratsaldean, beren dimisioaren berri emanez.