«Gazte olatu emantzipatzailea altxatzeko» deia Gazte Topagunean
Gazte Topagunearen ekitaldi zentrala izan da Lemoan iluntzean. Bertan, Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako kideek «gazte olatu emantzipatzailea» altxatzeko deia egin eta datorren igandeko hauteskundeen «batailari» begira bozka EH Bilduri emateko dei egin dute, «geldiezinak eta erabakigarriak izateko».
«Eskuinerantz mugitu nahi dute mundua, ez dira garai errezak», azaldu dute Lemoako Gazte Topagunea antolatu duten Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako bozeramaileek iluntzean burutu duten ekitaldi zentralean. Aipatu dute testuinguru horretan Euskal Herrian badirela errealitate horri aurre egiten dioten hainbat borroka. Zehaztu dutenez, prekarietatearen eta esplotazioaren aurka Ernaik Bizi dinamika jarri zuen martxan, Ipar Euskal Herrian gazteek G7aren aurrean Oldartu dinamika abiatu zuten eta «anitz dira tokian toki pitzu diren borroka eta eragileak». «Pentsiodunen eta feministen olatuak ikusi ditugu azken urte eta hilabeteetan, aipatu borroka horiek guztiak batu era gazte olatu emantzipatzailea altxatzea dagokigu orain», adierazi dute.
Jendez lepo zegoen gunean, Lur Albizu, Izar Hernando eta Aitor Servier bozeramaileek hartu dute hitza. Gogoan izan dute «gerratik eta miseriatik ihes egiten dutenen hilerri erraldoia», eta kapitalismoak eta inperialismoak eragiten dituzten «esplotazioa, ihesa eta heriotza» salatu dituzte.
«Bataila bat dugu igandean»
Era berean, frantses Estatuak «bere aurpegi neoliberal eta nazionalistena« erakusten ari dela salatu dute, eta ondoan, herrien autodeterminazioa ukatu eta 78ko Erregimenak berdin jarrai dezan «dena lotuta eta ongi lotuta» uzti zuten Estatu espainola aipatu dute, datorren igandeko hauteskundeen garrantzia nabarmentzeko. «Geldiezinak gara eta erabakigarriak izatera goaz. Datorren igandean hautesontziak beteko ditugu bozka independentista, ezkertiar, feminista eta antifaxistaz, beteko ditugu EH Bilduren aldeko bozkaz, bataila bat gehiago dugu igandean, ekintza politiko gehiago bat eginen dugu gazteok», adierazi dutenez.
Euskal Errepublikaren alde egin du Otegik
Lemoara ere hurbildu da EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapena egiteko. «Mezu bat helarazi nahi diogu euskal gazteriari. Eskubidea dute beste mota bateko jendartean bizitzeko, eskubideak babestuko dituen jendarte batean. Hori egiteko Euskal Errepublika eraiki behar da. Euskal Errepublikak babestuko ditu gazteen eskubideak», adierazi du.
Eskubideen alde gazteek mahaian kolpe bat emateko ordua heldu dela gaineratu du Otegik. «Horretarako lehenengo botea apirilaren 28an izango da. Gazteriak Euskal Errepublikaren alde eta antifaxismoaren aurka egingo du, dudarik gabe. EH Bildu bozkatzea antifaxismoa, ekologismoa eta feminismoa egiteko eta gure eskubideak babestuko dituen Euskal Errepublika eraiktzeko modurik eraginkorrena da», esan du.
#A28-an gazteek lehen aukera izango dute Euskal Errepublika babestu eta faxismoari hankak geratzeko pic.twitter.com/F8cvdtQa6R
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) April 20, 2019