«Eztabaida arrazionaleko espazioetara itzultzeko» eskatu die Foro Sozialak alderdi politikoei
Kanpainaren hasieran, eskutitz bana igorri zien Foro Sozialak Hego Euskal Herriko alderdi politikoei, euren hauteskunde programetan «biktimak, presoak eta memoria» jasotzeko eskatuz. Kanpainak hartu duen tonuak «izutu» egin dituela baieztatu dute eta «eztabaida arrazionaleko espazioetara itzultzeko» eskatu diete alderdiei.
Hauteskunde kanpaina bukatuko den egunean, Foro Sozial Iraunkorrak bere hausnarketa propioa egin du. Jakinarazi dutenez, kanpainaren hasieran, eskutitz bana igorri zien Foro Sozialak Hego Euskal Herriko alderdi politikoei, euren hauteskunde programetan «biktimak, presoak eta memoria» jasotzeko eskatuz.
«Tamalez, bi aste hauetan elkarbizitza demokratikoaren kontrakoa gertatu dela baieztatzen dugu. Kanpaina hau gertutik jarraitu dugu eta hartu duen tonuak izutu egin gaituela esan behar dugu: euskal gatazka delakoan pairatutako minarekin egin den erabilera edota ezereztea, gatazkaren biktimekiko erakutsitako errespetu falta, ETAren biktimen aurka sare sozialetan egindako erasoak, Altsasu edo Errenteria bezalako herriak estigmatizatzeko saiakerak...», adierazi dute ohar baten bidez.
Honela, eskuinek Donostian, Bilbon eta Errenterian egindako ekimenak arbuiatu dituz. «Gertatutakoak elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza zailtzen du. Konfrontazioa muturrera eramaten dutenek -ezagutu nahi ez dituzten prozesuak eta errealitateak desitxuratuz – eraikitzen hasi garen elkarbizitza demokratikoari su eman nahi izan diotela», gehitu dute.
Errenterian azken urteetan elkarbizitzarako irekitako proiektu eta prozesuak ekarri dituzte gogora eta Etxeratek kaleratu berri duen manifestua, ETAren 41 biktimek Estatuaren biktimen eskubideak babesteko idatzitako artikulua, indarkeria desberdinetako biktimen artean Deustuko unibertsitatean, Miramar jauregian eta komunikabide desberdinetan egin diren elkarrizketa-saioak, eta sare sozialetan biktima desberdinen artean ikusi ditugun hartu-emanak, besteak beste, «elkarbizitza demokratikoaren eraikitze prozesuan hitzak duen garrantziaren adibide argiak dira».
Jarraian datozen hauteskundeei begira, alderdi politikoei adierazi diete, «batez ere tonu suntsitzailea erabiltzen ari direnei», orain hitza «armagabetzeko garaia» dela. «Eztabaida arrazionaleko espazioetara itzultzeko eskatu nahi diegu, ideiaren konfrontazio demokratikoa egin ahal izateko. Nahiz eta gaur amaituko den kanpainak baikortasunerako elementu gehiegirik ez eman, Foro Sozial Iraunkorrak bide berdinetik jarraituko du».