INFO

Aske utzi dute Beñat Zelaia, gaur goizean atxilotu duten gazte altsasuarra

Jokin eta Adur Altsasuko gazteen koadrilakoa den Beñat Zelaia atxilotu berri dute 2016an Leioan izandako mobilizazio batetan parte hartzeagatik. Deklaratu ostean libre geratu da, epaiketaren zain.

Altsasun Guardia Zibilak egindakoak ondorioak eragiten segitzen du. Argazkian, elkartasun irudi bat.

Guardia Zibilak Beñat Zelaia gazte altsasuarra atxilotu du gaur goizean. 2016ako apirilaren 27an –duela 3 urte zehatz– Leioako kanpusean errepresioaren kontra egindako mobilizazioetan parte hartzeagatik atxilotu zuen Ertzaintzak beste bost ikaslerekin batera, Ikasle Abertzaleak zabaldu duenaren arabera. Bertan identifikatu eta epaiketara deitu zuten, baina ez zen aurkeztu zilegitasunik ez zuela uste zuelako. Deklaratu ostean libre geratu da, epaiketaren zain.

Jokin eta Adur espetxean dauden Altsasuko gazteeen koadrilakoa da Zelaia.

Ospa! Herri Mugimenduak eta Altsasuko Gazte Asanbladak idatzi bat zabaldu dute atxiloketa salatuz. Bertan argitzen dute 2016ko manifestazioan EHUko ikasleek jasaten ari ziren erasoak salatu zituztela, eta horregatik indar polizialei kanpuserako sarrera ez baimentzea eskatu zutela.

«EHUk berriz ere Ertzaintzaren sarrera baimendu eta polizia autonomiko espainiarrak 6 ikasleak atxilotzeaz gain 15 zauritu eragin zituen. Berriz ere, ikasle eskakizunen aurrean errepresioaren bidea aukeratu zuen EHUk», esan dute.

«Errepresioak ez du etenik», iriztu dute gaur bertan herrian izan den atxiloketaren aurrean. «Altsasuar asko ditugu, sektore ezberdinetatik, injustiziaren aurka borroka egiten dutenak, emakumeen emantzipazioaren alde borrokan, euskararen alde, elkartasun internazionalistaren alde, herritik eta herriarentzako hezkuntza baten alde… Denak ala denak errepresioa era batean edo bestean jasan izan dutena», aipatu dute. Hori dela eta, «errepresiotik babesteko mekanismoak garatu» behar direla uste dute.

Sortuk ere kritikatu du gaztearen atxiloketa. «Euskal Herriak aspaldian behin eta berriz erakutsi du bakean eta askatasunean bizitzeko nahia. Eta gaur berriz ere gazteen aurka eta Altsasuren aurka jo du Guardia Zibilak. Noiz eta hauteskunde bezperan. Ez da kasualitatea. Guardia Zibilak giro politikoa nahasteko duen asmoa agerian uzten du berriz ere atxiloketa honek», adierazi du.