INFO

EH Bildu: «Olatu geldiezin bat iritsi da Madrilera; bihar, hemengo erakundeetara»

«Herriz herri, olatu geldiezin bat dago», adierazi du Arnaldo Otegik. «Gaur Senatu eta Kongresura heldu da. Bihar, hemengo instituzioetara iritsiko da, irabazteko jaio ginelako, ez erresistitzeko». Gau ederra eta intentsoa izan da Tabakalerakoa. Orain, ospatzea tokatzen da.

EH Bilduko hautagai eta ordezkariak, Tabakaleran. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

This browser does not support the video element.


Sekulako tentsioa egon da Donostiako Tabakaleran, EH Bilduren ekitaldian, azken minutura arte. Araba eta Nafarroan eserleku bana lortzeko lehia estu egon da. Arabakoa segurtatu du koalizio subiranistak, baina Nafarroakoa hor ibili da dantzan: orain bai, orain ez... 36 botoren aldea soilik egon da une batean EH Bildu eta Unidas Podemosen artean.

Gauaren amaieran, Arnaldo Otegi oholtzara atera denean, momentuz ez zuten lortua Nafarroan, baina boto guztiak zenbatzeke zeudela oraindik eta ez zutela itxaropenik galtzen. Herriz herri eta mahaiz mahai zenbatuko dituztela agindu du Otegik.

«Ezker subiranistek ordezkatzen dute geroa, segurtasuna. Jendearen bizia hobetzeko alternatibak. Horrek irabazi du», erran du kide eta hautagaiekin batera jendaurrera agertu denean. Txalo, oihu, animo eta bandera more, gorri eta ikurriña artean heldu dira. Eskua luzatzen diote Estatuan partida bat joka daitekeela pentsatzen dutenei. «Trifachito gelditzeko. Arazo politikoak termino politikoetan konpontzeko», nazioen eta presoen auzia barne.

«Oso pozik gaude», aitortu du. «Olatu feminista, ezkertiarra, presoen aldekoa. Olatu hori heldu da Kongresu eta Senatura, eta hemengo instituzioetara ere heldu behar da», azpimarratu du.