INFO

Anadolu Efesek lortu du Gasteizko Lauko Finalerako azken txartela Bartzelona gaindituta (80-71)

Bartzelonak baino fede gehiago eta hirukoetan eskumutur finagoa erakutsi dute turkiarrek. Gasteizen turkiar inbasioa egongo da, finalerdietan Efesek Fenerbahçeren aurkako derbia jokatuko baitu.

Shane Larkin izan da Anadolu Efesen garaipenaren gako garrantzitsuenetariko bat (EUROLEAGUE.NET)

Inor gutxik esango zukeen denboraldi hasieran, baina Anadolu Efes Gasteizko Lauko Finalean izango da, Bartzelonaren aurkako bere final-laurdenetako desenpatean 80-71 irabazi ostean. Euroliga berria 2001. urtean jarri zenez geroztik, Europako lau onenen artetik at egon da Istanbulgo taldea, 1999/2000. denboraldiko Efes Pilsen mitiko hark –Hidayet Turkoglu, Pedrag Drobnjak, Damir Mulaomerovic edo Omer Onan lako jokalariak zituen hark, hain zuzen– jokatu baitzuen azken aldiz Final Fourra.

Asko izan dira turkiarren artean heroiak. Adrien Moermanen 18 puntuak, Larkinek sartutako beste 18, edo Vasilije Micicek lortutako 10 puntu eta 10 asistentziak. Baina horrez gain, Ergin Atamanek zuzentzen dituen gizonek irabazteko gogoa eta fedea erakutsi dute, atzetik hasi badira ere eta makina bat aldiz Efeseko jokalari eta entrenatzaileari presiopean gaizki jokatzen dutela egotzi zaien arren. Gasteizen izango dira hilaren 17tik 19ra, eta finalerdietan Istanbulko beste taldea, Fenerbahçe alegia, izango dute aurkari.

Bartzelona hobeto hasi da

Hasiera bikain askoa eman diote talde biek, Lauko Finalera sailkatzeko desenpatea jokatzeak suposatzen duen urduritasuna ahaztuta. Hiruko jaurtiketetan bereziki, eskumutur fina erakutsi dute talde biek, nahiz eta Bartzelona izan den markagailuko ekimena lehenengo mementotik eraman duena. Hirukoez gaiz, blaugranek Ribas eta Tomicen arteko barruko joko fina eta eraginkorra josi dute, Anadolu Efes taldeko Ergin Ataman entrenatzaileak hutsartea eskatu duen arte. Turkiarrek Larkinen gorputzaldi apartari etekina ateraz ekin diote neurketari, baina Istanbulkoek ikusi dute final-laurden luze honetan jokalari bakarraren egun ona ez dela nahikoa garaipenak bermatzeko.

Sinan Erdem Dome pabilioia goraino bete da Gasteizko Lauko Finalerako azkenengo txartela nork lortuko ikustearren. Ezin esan ikuskizun txarra ikusi dutenik, entrenatzaile biek jokalariei defentsako lana gogortzeko orroa egin arren. Aurreneko laurdena 23-28 amaitzeak bai ikusleei bai entrenatzaileei ikusi dutena nekez sinesteko arrazoiak eman dizkie, baina arrazoi ezberdinak erabili dituzte batzuek eta besteek

Micic Heurtelen gainetik jarri denean

Defentsa gogortze aldera, Bartzelonan Hanga hegalekoa jarri da Larkinen gainean, baina turkiarrek saskirako beste bide bat aurkitu dute: Vasilije Micic antolatzailea, alegia. Serbiarrak oso partida eskasa jokatu zuen Efes eta Bartzelonaren arteko laugarren deman, eta desenpatean presio egoerei eusteko gai badela erakutsi nahi izan du antolatzaileak. Hala, bere eskutik Tibor Pleissek saskiratze erraz pare bat erdietsi du, katalanen defentsa Larkin eta Micicen gainean zentratuegi egon delako. Micic berak lortu du azkenean Anadolu Efes aurretik lehenengoz jarri duen hirukoa: 40-39; odolkiak ordainetan, Thomas Heurtelek hirukoaz erantzun dio serbiarrari: 40-42.

Alabaina, Istanbulen garaipen gosea ez da txikia –2000. urtetik Lauko Finalik ez duela jokatzen– eta Efesek buelta eman dio markagailuari ostera ere. Sinan Erden Domeko jarraitzaileak kezkaz hasi dute bigarren laurdena, Bartzelonak 28-35 alde egin duenean; Moermanek 44-42 aurreratu duenean, aldiz, zale guztiek batera jauzi egin dute pozarren, are gehiago turkiarren defentsa katalanen erasoak geratzen hasi denean. Heurtelen eskutik, Svetislav Pesicen gizonak presaka jokatzen hasi dira une horietan, atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan, eta aurreneko laurdenean sartu duten guztia hutsegin dute; beren onerako, Anadolu Efesek behar baino gehiago barkatu die, tartean Dunstonek inolako zailtasunik ez zuen hutsegindako birrintze bat. Dena dela, atsedenaldira turkiarrak 47-42 aurretik iritsi dira, baina oraindik garaipena lortzeko aukerak bientzat ziren.

Aurkia eta ifrentzua

Zeinek esan behar zuen bigarren erdian hain garesti egongo zirenik saskiraketak? Aldageletan entrenatzaileak garbi egin dute berba, antza, eta talde biek bi pausu eman dituzte aurrera zaintza alorrean. Nekeak eta pertsonalek ere zeresanik eman dute eta hala, aurreneko minutuetan talentu hutsez lortutako saskiratzeak atsedenalditik aurrera burugogorkeriagatik lortu dituzte talde biek. Erabaki zuzenak eta okerrak bereizten dituen marratxoa ere are finago bihurtu da memento horietan; Larkinen jokaldietan ikusi ahal izan da batez ere: hiru aurkari zain dauden saskipera barneraldia? Oker; Krunislav Simon taldekidearen asistentzia hirukoa bota dezan? Zuzen, eta barrura. Bartzelonak ere erasoko erreboteei etekina atera die, baita Adam Hanga hungariarraren izaera lehiakorrari ere, baina hutsegiteak ere behar baino gehiago egin dituenez, azken laurdenera 61-57 dela iritsi behar izan du.

Txanpona airera bota eta aurkia edo ifrentzua zer erortzen den, zorte kontua da, baita norberak bataren edo bestearen alde egitea ere. Ez da zorte kontua izan, ordea, Efesek azken laurdenaren hasieran lortu duen 6-0eko partziala, Anderson eta Moermanek hiruko bana saskiratu baitute turkiarrek baloia behar bezala mugitu ostean. Svetislav Pesicek partida geratu behar izan du, Sinan Erden Domeko 15.249 ikusleak pozez gainezka, etxeko taldeak markagailua 67-57 jarri baitu.

Azken minutuetan dena erabakita geratu dela uste duena, ordea, oker dabil. Bartzelona ez da partida galdutzat emateko joan Istanbula, eta aurrera jo du, galdu beharreko guztia galduta. Egoera horretan Thomas Heurtel edo Pierre Oriola aurkari arriskutsuak dira, ezeri ere ez baitiote beldurrik, nahiz eta beti ez dituzten erabaki zuzenenak hartzen. Efesek 11 puntuko aldea ere izan du bere alde, 70-59, baina Barçak ez du etsi eta 75-71 hurbildu da, Chris Singleton eta Pau Ribasek hiruko bana saskiratu ostean. Anadolu Efesek presio uneak gaizki kudeatzen dituen ospea du, eta hortxe tokatu zaio ospe hori zuzena ala okerra den frogatzeko beste aukera bat.

Erasoan huts egin dute turkiarrek, baina partida azken minutuan sartu den une berean, baloia berreskuratu dute, Krunislav simonen esku bizkorrei esker. Hori gutxi bailitzan, Bilbao Basketeko jokalari ohi Adrien Moermanek partida ia erabakita utzi du, bere laugarren hirukoaz markagailua 78-71 jarri ondoren, partida amaitzeko 29 segundoren faltan. Kyle Kuricen eskutik, Barçak baloia galdu du eta Shane Larkinek azken ostikada eman dio kanporaketari, jaurtiketa libreen lerrotik.

Ergin Ataman: «Turkiarrok harro egon behar dugu»

Nekez adierazten ditu bere sentimenduak Ergin Ataman entrenatzaileak, baina Bartzelonaren aurkako kitarakoa amaitu berritan, pozez kabitu ezinik egon da. «Bartzelonak bikain jokatu du, sekula amore eman gabe, baina oso harro nago nire jokalariek egin dutenaz. Gure mementoa itxaron dugu eta irabazten jakin dugu eta hara!, hemeretzi urteren buruan Efes Lauko Finalean da. Europako talde onenen artean gaude eta gauza handia da hori guretzat», esan du.

Badaki, ongi jakin ere, Zeljko Obradovic handiaren Fenerbahçe, etxeko aurkaria, izango duela aurrez aurre finalerdietan. «Europako talderik onena izango dugu aurkari, entrenatzaile onena duena, baina Gasteizen egotea bera asko da. Guztia emango dugu irabazteko, baina batez ere turkiar saskibaloi zaleak irabaziko du egun hartan. Turkiarrok harro egon behar dugu bi talde Lauko Finalean sartu garela ikusita», amaitu du Istanbulgo entrenatzaileak.