INFO

Izagirrek A28an sortuako «olatua» hartu eta politika egiteko beste modu bat hedatzera deitu du

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaitzak agerraldia egin du gaur Pasaia eta A28ko bozetan alderdiak lortutako emaitza onak nabarmendu ostean, datorren maiatzaren 26an horiek hobetzeko baldintzak dauzkatela adierazi dute.

Gipuzkoako EH Bilduren hautagaien agerraldia gaur Pasaian. (NAIZ)

«Proiektu onena dugu, politika egiteko beste modu bat (behetik gorakoa) eta talde anitza, prestatua, orekatua eta sendoa», halaxe esan du Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Ahaldungai Nagusiak Pasaian egindako ekitaldian. Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaiekin batera agertu da Izagirre eta pozik agertu da pasa den apirilaren 28 hauteskunde orokorretan izandako emaitzekin. Bere hitzetan, «sortutako olatua hartu eta handitzea» da orain helburua.

Bere lantaldeari begira, EH Bilduren oinarriak «zintzotasuna, gardentasuna eta gertutasun» direla gaineratu du Izagirrek. Gaineratu duenez, azken legegintzaldian «Gipuzkoako Foru Aldundia ez da herriaren borondatea gauzatzeko tresna izan» eta horrekin amaitzeko konpromisoa adierazi du.

Gipuzkoak dituen baliabide, aukera eta potentzialitateak baliatuz herritarren bizi baldintzak hobetzeko helburua aipatu du Izagirrek eta EH Bilduren lan ildo nagusia hori izango dela gaineratu du. Zerrendatu dituen egitekoen artean daude, besteak beste, lurralde orekatua lortzea, lan baldintza eta soldata duinak bermatzea, aberastasunaren banaketa justua egitea, politika sozialak hobetzea, mikroenpresen eta merkataritza lokalaren alde egitea eta benetako berdintasun politikak garatzea.