‘2 Urte, 4 Hilabete’, intsumisioaren borroka goratu nahi duen dokumentala
Dokumentalak argia ikusi dezan crowdfunding kanpaina abiatu dute.
Soldaduskaren aurka eta intsumisioaren alde Euskal Herriak bizi zuen borroka pantailara eraman nahi du Lander Garrok, Izar Films eta Labrit Multimedia ekoiztetxeekin elkarlanean. Hiru hamarkada atzera egin eta Espainiako armadari ezezkoa eman zioten gazte intsumisoen borroka ekarri nahi du gogora ‘2 Urte, 4 Hilabete’ dokumentalak.
Aurten, soldaduskaren aurka desobedientzia ikur zuen intsumisioaren borrokak 30 urte bete ditu. Dokumentala, atzera begira ipini, eta orduko sei protagonistaren ahotik jaso nahi du historia. Iraganari, baina orainari eta etorkizunari ere begiratuko diote protagonistek. Izan ere, sustatzaileek ohartarazten duten moduan, Europako eskuin muturraren eta militarismoaren hazkundearen aurrean «antimilitarismoaren baloreak oso beharrezkoak» dira gaur egun ere.
Orain 30 urte milaka izan ziren, askotariko arrazoiak tarteko, soldaduskari ezetz esan zioten gazteak. Bakezaletasunak, pentsaera anarkistak, abertzaletasunak edota sinesmen erlijiosoek bultzatuta, soldaduska egitera ukatu ziren asko eta asko. Denek, baina, bat egin zuten borrokarako oinarrizko tresnarekin: desobedientzia.
Euren borroka espetxearekin ere ordaindu zuten gazte horiek, egun 50 urte inguru dituztenak, kamera aurrean ipini eta orduan bizitakoa aletuko dute, Lander Garroren zuzendaritzapean.
Elkarrizketak, artxibozko argazki, dokumentu eta bideoak eta aurtengo Iruñeako San Ferminetan grabatuko dituzten irudiek osatuko dute filma. Honekin batera, intsumituak preso egon ziren Iruñeako kartzelaren eraisketa erakusten duten irudi esklusiboak erabiliko dituztela aurreratu dute.
Dkumentalak argia ikusi dezan crowdfunding kanpaina abiatu dute ekimenaren sustatzaileek Verkami atarian.
.