Adinekoen egoitzen gatazka eta berdintasunaren amarrua
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak, emakumeak gehienak, etengabeko borrokan daude lan baldintza duinak lortzeko. Aldundiak muzin egin dio hobekuntza horiek finantzatzeari. Zaintza lanak balioan jartzeaz hitz egiten den garaiotan, politika publikoetan dauden gabeziak agerian uzten dituen beste pista bat.
Hilabeteak daramatzate borrokan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek. Izan ere, hiru urte daramatzate sektoreko 5.000 langile inguruk, gehienak emakumeak, soldata izoztuta. Lan hitzarmena berritzeko eskakizuna mahai gainean da aspaldi, baina negoziazioak blokeatuta daude eta oinarrizkoa den sektore bat, herrialdeko adinekoen zaintzaren zati handi bat sostengatzen duena, ataka zailean jarri du horrek. Sindikatu eta patronalen arteko ohiko tentsioetatik harago doan auzia da, gainera. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiak esku hartze zuzena du sektorean, eta beraz, auzia zulotik ateratzeko erantzukizuna berea ere bada.
Hauteskunde kanpainan ere adinekoen egoitzetan izaten ari den gatazkak arreta bereganatu du. Aste honetan bertan, egoitzetako langileek protesta egin zuten Aldundiaren egoitzan. Gaur egun, Aldundiak zerbitzuaren %90 inguru du kontratatua eta ia %60 finantzatzen du. Lan baldintzek herrialdean dauden ehun bat egoitza eta eguneko zentroetan –5.000 bat egoiliar guztira– eskaintzen den arreta zerbitzuan eragin zuzena duten heinean, Diputazioari egiten zaion eskaera nagusia da erantzukizunez joka dezala.
Baina gatazka hau ez da berria. Baditu aurrekariak eta konpontzeko saiakerak. Aurreko legegintzaldian, Bildu gobernuan zela, lan hitzarmenaren inguruko negoziazioak ere gatazka iturri izan ziren. 2013an Aldundiak esku hartu zuen eta sektoreko langileen baldintzak hobetzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, hauek finantzatzeko konpromisoa bere eginez. Adegik, ordea, muzin egin zion planteamenduari. Horren aurrean, Diputazioak enpresa hitzarmenak sinatzeko deia egin zuen, antzeko baldintzetan. 2015ean proposamen berria egin zen eta hobekuntza horiek ordaintzeko konpromisoa hartu zuen Aldundiak. Helburu nagusia, igoerak bermatzea eta soldata arrakala txikitzea erabat feminizatua dagoen sektore batean.
Baina 2016an, foru gobernu berriak (EAJ-PSE) lan baldintzak hobetzeko egin beharreko diru sarrerak etetea erabaki zuen eta 2017an negoziazio berria hastearekin berriro ireki zen krisia, gaur arte.
Zaurgarritasuna areagotzen
Zaintza lanen inguruko hausnarketa zabaltzeko saiakera handia egin da azken urteotan, bai lan ordaindua denean bai etxe barruko zaintzaz ari garenean. Pasa den Martxoaren 8an, esaterako, indar berezia egin zen horretan, «bizitzak erdigunean» jartzeko deiarekin. Erakunde publikoek ere bere egin zuten mezu hori, berdintasunaren aldeko lema nagusiak bezala. Praktikan, ordea, adinekoen egoitzetan gertatzen ari denak gabezia nabarmenak daudela erakusten du. Adinekoak zaintzen lan egiten duten pertsonak emakumeak dira gehiengoan eta euren jarduna baldintza prekariotan daramate aurrera beste sektore batzuekin alderatzen badugu.
Kale garbiketa zerbitzuarekin alderatzen du Txomin Lasa ELAko ordezkariak. Kasu honetan ere nagusiki azpikontratazio bidez ematen den zerbitzu batez ari gara hitz egiten, baina ezberdintasun argiak aipatzen ditu Lasak. Egoitzetako langileen kasuan formakuntza bat eskatzen da, eta hala ere bertako langile batek kale garbitzaile batek baino 6.000 euro gutxiago irabaziko ditu, gutxi gorabehera. Horren arrazoi nagusia zaintzarena sektore feminizatua izatean ikusten du, argi eta garbi.
Hori dela-eta, 2018ko abenduan hitzarmenaren inguruko akordio bat lortzeko negoziazioan murgildu ziren sindikatua eta patronala, Aldundiak greba ekiditeko hala eskatuta. Emaitza 2020ra bitartean KPIa gehi %8ko soldaten igoera, antzinatasun eta jaiegunetako plusen igoera, atseden egunak eta kontziliazio neurriak barnebiltzen zituen akordioa izan zen, Lasak azaltzen duenez. Akordioa, ordea, ez da inoiz praktikara eraman, Aldundiak finantzatzeari uko egin ostean. Puntu honetan bada beste polemika bat, Diputazioak ukatu egiten baitu prozesua hala izan denik eta bere aldetik ezezkorik egon denik.
Bitartean, langileek borrokan jarraitzen dute. Gaur bertan, ELAko delegatuek batzarra dute deituta hurrengo urratsak adosteko eta ekainean greba egun gehiago izango dira. Joan den asteartean Aldundiko egoitzan egindako protestan ere LABek argi adierazi zuen administrazioa dela egoera honen erantzule nagusia eta oinarrizkoa den zerbitzu bat bermatzeko ardura berea dela. Finean, egoiliarren eta langileen bizitza duinaren alde.