Atzo atxilotu zituzten Biziko zazpi militanteetatik sei aske gelditu dira
Macronen erretratuak bost herriko etxeetan kenzeagatik atzo goizean atxilotu zituzten Biziko sei kide aske gelditu dira. Zazpigarrena arratsalde bukaeran atxilotu zuten atzo asteartez, eta oraindik ez dute aske uzi. «Lapurreta taldean» egitea leporatuko diete izanen dira, nahiz eta prokuradoreak oraindik salaketa ez duen egin, MEDIABASKek jakinarazi duenez. Lau militanteren abokatua den Jean-François Blancok, atxiloa hain luzea izatearen gibelean «larderia judiziala» dagoela baieztatu du.
Preso dagoen zazpigarren militantearen kokalekua ez da ezaguna, ez eta noiz geldituko den aske.
Jean-François Blanco abokatuak, atxiloketa, eta bereziki hain luzea izatea, «neurrigabea» dela erran du. Ekintza sinboliko baketsu batengatik horrelako neurriak hartzea «neurri errepresiboa da, aitorpena lortzeko helburuarekin». Aldiz militanteek, ez hitz egiteko duten eskubideari loturik, adierazpenik ez dutela egin baieztatu du.
«Bizik irmoki gaitzesten ditu militante klimatikoen kontrako gehiegizko atxiloturik atxikitze luze horiek» jakinarazi du mugimendu ekologista-altermundialistak.
Macronen erretratuak
Bidarte, Arrangoitze, Getaria, Donibane Lohizune eta Senpereko herriko etxetan Emmanuel Macron, Estatu frantseseko presidentearen erretratua kendu zuten atzo Biziko kideek.
Beste herri batzuetan ere ekintza bera egitea aurrikusten zuten, baina militanteak heldu zirenerako, erretratuak kenduak zeuden, edo polizia bera ari zen argazkiak kentzen. Horrela Hendaia, Biriatu edo Urruñan, esaterako, ezin izan zuten aurrikusia zuten ekintza gauzatu. Prefekturatik, herriko etxeak eta estatuko indar polizialak deitu zituzten, ekintzaileak gelditzeko.
Atzo eguerdi aldera Biziko militanteek jakin zuten hainbat kide atxilotuak izan direla, nahiz eta kopurua ez duten zehazki oraindik ezagutzen. Arratsean beste kide bat hartu zuen poliziak.
Atxiloketak salatzeko elkartaratzea egin zen atzo militanteak preso ziren Donibane Lohizuneko polizia-etxearen aitzinean.
Mobilizazio eguna
Estatu mailan mobilizazio eguna zen atzo, Macronen erretratuak kentzeagatik Bourg-en-Bresseko herrian sei pertsona auziperatuak izan zirelako, eta bost urteko kartzela zigorrak jaso ditzaketelako. Action Non Violente COP21-ko militanteak ziren auziperatuak, eta atzoko ekintzek sostengua erakusteko helburua zuten.
Bizi eta ANV COP21 otsailean hasi ziren presidente frantsesaren portretak kentzen, ingurumena eta aldaketa klimatikoagatik daraman politika salatzeko. Ekintza horiengatik hamar auzi deituak dira, atzokoa zen lehena.