INFO

Saharar herria ezagutzeko bi aste intentsu, kulturatik elkartasuna landuz

«Gora Herriak! Sahara-Euskal Herria» proiektuak xede handi bat du, 15 egunean herri oso bat ezagutzea: politika, bizimodua, gastronomia, arteak... Kultura ikuspegi zabal eta integratzaile batetik jorratuz, pausoak eman nahi dituzte elkartasunean eta elkarlanean. Lurrik gabe bizirauten duen Saharak Pasai Donibanen izanen du lurra bihartik ekainaren 15era. Abenduan kanpamentuetara eginen duten bidaiak borobilduko du Bixi Bixi elkartearen ekimena.


«Lur hura ukitu nuenean ohartu nintzen egoera benetan gogorra dela. Beste sentsibilitate bat piztu zitzaidan bertako larritasuna ikusita. Lurrik gabe egoteak zer esan nahi duen ikusten duzu. Harea gainean, desertuan bizi den herri oso bat da, egiaz eskuzabala, bere herria izugarri maite duena. Emakumez eta haurrez osatutako herri bat; oso gizon gutxi ageri dira han, lanean daudelako kanpoan, batzuk lurralde okupatuetan».

Itziar Goienetxea Bixi Bixi elkarteko kidearen testigantza da, sahararren kanpamentuetatik bueltan emana. Bera da Gora Herriak! ekimenaren sortzaileetako bat. Duela bi urte abiatu zuten, Kuban zentratuz. «Ikaragarria izan zen, baina bigarrena, iaz egin genuena, are handiagoa». Portugalen jarri zuten orduan fokua, bi arrazoik bultzatuta: Pasai Donibanen sustraitu den jatorri portugaldarreko jende kopuru esanguratsuak, eta haien kultura sakonago ezagutu nahiak. «Gure herriak bere garaian onartu ez zuen jendeari ongietorria egin genion».

Hirugarren ediziorako aurreikuspen ezin hobeak dituzte; ikusi besterik ez dago hamabost eguneko egitarau ederra. Saharar herria hartu dute orain bidelagun. «Oso eskertuta daude, ez dute sinesten halakorik egin zitekeenik halako herri txiki batean, eta beren xedea gonbidatzea da, erakustea beste lekuetan ere posible dela», adierazi du Goienetxeak, jendea parte hartzera animatzearekin batera.

Kultura ikuspegi zabal eta integratzaile batetik lantzea da Gora Herriak-en helburua. «Euskal Herriko borroka eta grinatik abiatuta ikustea beste herri batzuek nola lortu duten, Kubak kasu, subirano izatea. Besteok bidean gaude, eta besteek ez daukate ezta lurrik ere. Herriek elkar ezagutzea nahi dugu».

Ur bidoien proiektua

«Denetarik dago; badira moldatzen diren familiak, baina gosea ere badago. Haurrek ez daukate ezer, baina halere pozik bizi dira!», jarraitu du Itziar Goienetxeak saharar kanpamentuen deskribapenarekin. «Jakin-mina dute, eta ez dakite nola eskertu egiten den guztia. Daukaten gutxia ere ematen dizute. Euren etxean afaltzea nahi zuten, eta bagenekien ezin zutela, sekulako esfortzua zela eurentzat».

Bestalde, ohartu zen zer garrantzitsuak diren Oiartzun, Zumaia eta herri gehiagotan garatzen ari diren proiektuak. Bata janariarena da. «Gure umiltasunetik, hiru dendatxo ditugu Pasai Donibanen, 300 kilo janari bildu ditugu. Oporrak Bakean programari dagokionez, bi haur biki ekartzea lortu dugu uda pasatzera. Oso pozik gaude».

Ur bidoien proiektua ere benetan inportantea da. Sahararrek zinkezko depositu txikiak dituzte, 1.000 litrokoak, eta horrekin iraun behar dute hiru aste edo hilabete. «Burua barrura sartu eta beldurtzekoa da. Eta handik jan eta edaten dute. Orduan, 85 balio duten bidoiak bidaliko ditugu», azaldu du Bixi Bixi elkarteko lagunak. Horietako batekin familia batentzako urteetarako ur garbia eta osasuna lortzen da.

«Gure aurreikuspenak gainditzen ari gara. Udala sartu da, elkarteak, norbanakoak, alderdi politikoak… Herri oso bat ari da horretan, eta jendeak esan digu ‘orain arte ez naiz ausartu ematera, ez nintzelako fidatzen iritsiko ote zitzaien ala ez, horra edo beste norabait. Jakinda nor doan eta iritsiko zaiela prest nago laguntzeko’».

Abenduko lehenengo aste inguruan eginen dute Saharara bidaia eta orduan eramanen dituzte bidoiak. «Bidoia ematen duen familia bakoitzaren argazki bat eramango dugu eta han hartzen duen familiak irudi horrekin argazkia aterako du hemengo familiari erakusteko, bakoitzak jakin dezan nork eman duen eta nork jaso duen».

Kultura zuzen-zuzenean

Gora Herriak-en sustatzaileak agertu duenez, «etsipen erabatekora zigortu nahi dituzte sahararrak. Gerra iraganean utzi eta bide demokratikoen aldeko erabaki irmoa hartu zuten. Baina urte luzez atzeratzen ari dira haiei aitortu eta hitzemandako eskubideen aukera. Giza eskubideen eta nazioarteko legearen gainetik, boterearen legea inposatzen ari dira».

Pasai Donibaneko herritarrak errealitate gordin horretara hurbildu nahi dituzte, eta gure artean bizi diren sahararrekin harremanak sortu eta sakondu. Aitzineko bi urteetako ildoari segituz, kultura bidezko harremanak eta elkartasun jarduerak bultzatuko dituzte. Gora Herriak berak bideratutako ekitaldiez gain, Donibaneko eragile sozial eta kultural aunitzekin ekintza zehatzak sustatu dituzte. Hala, elkarlanean eratu dute programa aberats bat, saharar kultura zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera emanen diena nahi duten guztiei. Ezagutza horrek elkartasun urratsak erraztuko dituela espero dute.

Jarraitzea xede

Egitasmoa saharar kanpamentuetan bukatuko da, abenduan. Baina helburua ez amaitzea da, eta Pasai Donibanen talderen bat animatzea aurrerantzean Sahararen alde lan egitera.

Bihar hasiko den 15 eguneko egitarauarekin donibanetarrek herri oso bat ezagutzea nahi dute. «Ez egoera politikoa soilik, baizik eta dena: dantza, kanta, gastronomia… Ikastaro batean Saharako sukaldaritza erakutsiko digute. Eta azken egunean, ekainaren 15ean, herri bazkaria egingo dugu plater horiekin», jakinarazi du Goienetxeak.

Hassana Aalia, egoera larri batetik atera eta asilo politikoa lortu duena, eta sahararrekin harreman estua duen Juan Karlos Izagirre izanen dira hizlarien artean; Paco Etxeberriak bere ikerketa azalduko du, harresian jendea exekutatu dela erakusten duena; Aziza Brahim eta Oreka TXk kontzertua emanen dute… Azken bestan, henna, tea, jantziak, dantzak… Denetarik eginen da haiman. Testigu aldaketa ere bai, datorren urteko Gora Herriak-ek jarraituko duelako. Baina sekretua da hori.