INFO

Dotore bezain ganberro

Joan Mari Irigoienek satiraz eta umorez jantzi du ‘Derbia’ bere azken nobela. Futbola jarri du ituan, bere alderik ridikuloena azalean jartzeko.

Joan Mari Irigoien, ‘Derbia’ azken lanarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Vocento taldeko kazetari batek galdetu omen zion ez duela asko Joan Mari Irigoieni (Altza, 1948) maiatza aldera nobela berri bat kaleratzekotan zela. ‘Nola, bada, osasunean zulo beltz bat baduzu? Behar adina kemen ba al duzu?’. Endekapenezko eritasun bategatik gaixorik dago idazle altzatarra, baina ez dio horregatik literaturarekiko loturari etenik eman. «Makalago nagoela esan nion, baina ahal dudan bitartean eutsi egingo niola idazle lanari». Esan eta egin. Gaur aurkeztu du Irigoienek bere azken lana, ‘Derbia’, Elkar argitaletxearekin publikatua.

Ahozkotasunari eragiten dio eritasunak bereziki Irigoieni, hargatik aurkezpenean lagun izan ditu Xabier Mendiguren editorea, Joxemari Apaolaza irrati esataria, eta Imanol Irigoien anaia. Betiko dotoreziari eutsiz, ohiko zapia lepoan agertu da prentsaren aurrean lagunez inguratuta. Haiek izan dira bere ideien hitz jartzaile.

Nobela umoretsua eta lotsagabea osatu du Irigoienek. «Ganberroa», esan du berak, bere ahotik ateratako hitz bakanen artean. Berrogeita hiru urte igaro dira ‘Oilarraren promesa’ lehenengo eleberria kaleratu zuenetik. Bidean, dozenaka obra, ‘Lur bat haratago’ gogoangarria tartean. Gehientsuenak nobela egituran, baina Irigoienek egin izan ditu halaber haur eta gazte literaturara bideratu diren lanak.

Eta oparotasunari eusten jarraitu du azken urteetan, eritasunak eritasun. ‘Arma, tiro, bammm!’ (2013), ‘Pistolak eta epistolak’ (2014) edo ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ (2015, bere gaixotasunari buruz idatzitakoa) izenburuak dira bere azken lanen artean.

Eleberrira itzuli da oraingoan eta badu lotura zuzenik 1996an argitaratu zuen ‘Kalamidadeen liburua’rekin, umore tonu eta ildo beretsuan idatzia baitago hau ere. Egileak berak dio hitzaurrean: «‘Kalamidadeen liburua’ –1996an argitaratua– idatzi nuenetik irakurle bat baino gehiago ari zait zirika, hainbatek eta hainbatek jakin nahiko bailuke, jakin ere, nobela hari jarraipena emango ote diodan, hain geratu ziren liburu harekin gustura, edo, jarraipenik eman ezean, haren antzeko libururik idatziko ote dudan». Eskaera horietan ziren irakurleek badute bazka berria, beraz.

Bi bikotetan jarri du eleberriko oinarria Irigoienek. Realzalea da bata, Athleticzalea bestea. Amorratuak biak maila berean. «Realzale eta Athleticzaleen topikoak ageri dira. Realzalearen konplexua hor dago, eta Athleticzaleak diren bezala agertzen dira, goi-harro eta handi», aipatu du Apaolazak bere iruzkinean.

Euskadi Irratian kirol esataria –eta futbolzalea– bera, futbolari garrantzia eman baina era berean kendu egiten dio bere ustez Irigoienek. «Futbola garrantzitsua da bikote horientzat baina arazoak agertzen direnean ikusten da beraiengan futbola ez dela arazoa».

Jokoa baino, Irigoienek jolasa maite duela iruzkindu du Apaolazak. Idazlea Realeko beheko taldeetan aritua izan baitzen jolasten (eta ez jokatzen, halaxe defendatzen du berak) gazte garaietan. «Jolasa maite du, baina ez inguruan sortu den jokoa».

Imanol Irigoien anaiak irakurri ditu Joan Marik idatzitako lerroak. «Nobela umoretsua da, nahiz batzuei negargarria irudituko zaien», esan du. Bere ibilbidean idatzitakoei buruz ere aritu da. «Ez dago konparatzerik ‘Lur bat haratago’, ‘Babilonia’... Helburuak ere desberdinak izan dira, gazte eta haurrentzat ere idatzi izan baitut».

Oraingoa, ‘Derbia’, «arinkeriaz» idatzitako lana dela agertu du, «irri karkara bat sortuko duena. Ezer hoberik bada gure egun ilunetarako?», galdetu du.