INFO

Ane Etxezarreta Realeko jokalariak piztuko du gaur Loinatz jaien txinparta

Danbateko batez, animazioz jantziko dira gaur Beasaingo karrikak. Badira berriak: Iñaki Muxika zena, herriari asko eman diona, omenduko dute eta neskek umeen sokadantzan dantza egingo dute.


Ane Etxezarreta jokalari beasaindarra Erreginaren Kopako txapeldun izan da berriki Realeko nesken taldearekin. Horretaz gain, iazko herriko kirol sarietan emakumezko kirolari onenaren saria jaso zuen. Omenaldi gisa, Loinatz jaiei hasiera emango dien danbatekoaren txinparta piztuko du gaur, Murumendi eskolako haurrekin batera.

Amaia Gomez de Segura Udaleko Kultura teknikariak ospakizun honen hainbat berezitasunen berri eman digu. Haurren sokadantzan, orain arte sokan egon diren neskak estreinakoz ibiliko dira dantzan. Gainera, bakoitzak nahi duen bikotea hautatuko du: neskak neska, mutilak mutila, neskak mutila...

Festak gaur hasi eta ekainaren 9an amaituko dira. Azken egunean, Iñaki Muxika Arritta zena omenduko dute, haur guztiek ezagutzen dutena Olentzero izan delako. Gomez de Segurak azaldu duenez, herrian asko parte hartu duen herritarra izan da Muxika. Haren omenezko ekitaldiaren ondotik, herri kirolak egingo dituzte eta aurten bere izena eramango dute, sarri parte hartu izan duelako horietan, eta beste gauza askotan ere bai.

Danborradari dagokionez, ibilbidea aldatuko dute. Ezkiaga auzotik abiatuko dira Kale Nagusirantz eta Erauskin plazan geldituko dira San Martini hiru pieza jotzeko. Barrendain plazarantz jarraituko dute gero eta han buelta hartuko dute. Nafarroako Etorbidetik Loinazko San Martin plazara iritsiko dira. Bilkura eta joaldia egingo dituzte bertan. 210 lagun inguru aterako dira kupel, danbor eta banderadunen artean.

Umeentzako jolas parkea

Barandiaran plazan, haur eta gaztetxoentzako jolaserako eremua prestatu dutela azpimarratu du Kultura teknikariak (eguraldi txarra bada, Ezkiagako frontoira aldatuko dute). Puzgarriak, bideo jokoak, simulatzaileak eta denetariko jolasak izango dira ongi pasatzeko.

Gaur zortzi kendu zituzten Erauskin plazako hesiak. Berri-berria da espazioa, hortaz. Besteak beste, kale antzerkiak egiteko erabiliko dute jaietan.

Nobedadeen artean aipatzekoa da heriotzarik gabeko amuarrain arrantza lehiaketa berreskuratu dutela, iaz lortu ez zituzten baimenak eskuratu ondotik. Arrantzatu eta ibaira itzuliko dituzte arrainak.