INFO

Marta Macho: «ESK eta hedabideen presioari esker gogoeta egin du Osakidetzak»

NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, Osakidetzak «legalki jokatu nahi baldin bazuen beste aukerarik ez zuela» adierazi du Marta Machok. Bere kontratua etetea «erabaki politiko bat» zela iritzi du eta honi «ESK sindikatuaren presioari eta hedabideei esker» buelta eman zaiola adierazi du. 

Marta Macho elkarrizketatu egin dute NAIZ Irratian. (Endika PORTILLO / FOKU)

Osakidetzaren oposaketak salatu zituen Marta Macho elkarrizketatu dute NAIZ Irratian. Gaur bertan jakin da Osakidetzak atzera egin duela bere kontratua eteteko erabakian eta «legalki jokatu nahi baldin bazuen beste aukerarik ez zuela» adierazi du Machok. «Baja bat ordezkatzen ari nintzen eta plaza horrek jarraipena zuen. Baja hori eszedentzia bilakatu zen, baina eszedentzia horrek nirea izan behar zuen», azpimarratu du.

Kontratua etetea «erabaki politiko bat» izan zela argi du Machok. «Zigor bat espero genuen eta salatu genuenen artean nirea zen kontraturik ahulena. Errezena zen nire kontratua zigortzea», salatu du.

ESK sindikatuaren lana txalotu du eta hedabideek egin duten presiorik gabe kontratua ez ziotela berriz ere emanen iritzi du. «Osakidetza ohartu egin da hori ez dela bidea». Zentzu horretan, egindako lana balioan jarri du. «Argi dugu elkarrekin borrokatzen badugu gauzak lortu daitezkeela. Ezin dugu dena onartu».