INFO

Lau gune eta egitarau zabala prestatu ditu Armentia Ikastolak Araba Euskaraz festarako

Armentia Ikastolaren alde ospatuko den Araba Euskarazek festa «parte-hartzailea, dibertigarria eta kulturanitza» prestatu du heldu den ekainaren 16rako Gasteizen. Lau gune izango ditu eta eskaintza zabala.

Araba Euskarazen egitaraua aurkeztu du Armentia Ikastolak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Araba Euskarazen antolatzaileek heldu den ekainaren 16an ospatuko den festaren egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Ibilbidea kilometro gutxikoa izango da eta lau gunetan banatuko da: Prado parkea, Mineral inguruak, Armentia Ikastola eta Armentiako zelaiak. Antolatzaileen arabera, festa «parte-hartzailea, dibertigarria eta kulturanitza» izango da eta horretarako egitarau zabala prestatu dute.

Aurreko edizioetan ez bezala, guneak ez dira adinaren arabera banatuta egongo. Bakoitzean publiko mota (haurrak, gazteak, nagusiak) kontuan hartuko den arren, programazioa askotarikoa izango da eta adin guztientzako aktibitateak eskainiko dira.

«Mugimendua egon dadila nahi dugu, jendeak zirkuitu osoa egin dezan eta ez dadin area zehatz batean geratu pentsatuz gainontzekoetan ez duela bere gustuko ezer aurkituko», azaldu dute. Esaterako, Armentia Ikastolan Haurren Hiria egongo da eta bertan txikientzako tailer asko antolatuko dira, baina ez da umeentzako leku bakarra izango; jolas eta aktibitate gehiago aurkituko dituzte Prado parkean, Mineralen eta Armentiako zelaietan.

Musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Skabidean eta Ze esatek! taldeak ariko dira, besteak beste, eta nazioarteko doinez gozatzeko aukera ere izango da: Kolonbia, Bolivia eta Sahara, zehazki, Armentiako zelaietan.

Antolatzaileek publikoaren inplikazio eta parte-hartzea sustatu nahi izan dute egitaraua prestatzerakoan.

«Festaren parte aktiboa izan daitezela nahi dugu, dantzatu eta abestu dezatela, eta horretarako oso eskaintza zabala prestatu dugu: swing, dantza plaza, zumba, batukada… Aurten ‘Gertu’ da Araba Euskarazen leloa, eta horixe gorpuztu nahi dugu, guztiok elkarrengandik gertu egon gaitezen, hiriko zenbait talde eta kolektiboren parte-hartzearekin», nabarmendu dute.

Armentia Ikastolan bertan txikiek Erronkan, ginkana moduko batean, parte hartu ahal izango dute, Imanol Iturriño magoak truku harrigarriak egingo ditu, bertsolariek hitzekin jolastuko dute eta herri bazkaria ospatuko da.

Prado parkean Potx eta Lotx pailazoak izango dira protagonistak, baina ez dira bakarrik egongo, Kittu txarangako kideak ere bertan arituko direlako. Eta lehen aldiz Arabako Ikastolen jaian Osakidetzak lehen sorospenenei buruzko bi tailer antolatuko ditu 8 urteko umeentzat.

Mineral inguruan Eusko Label izeneko zonaldea egongo da. Gauekoak udal programak lau jarduera ezberdin antolatuko ditu bertan –beste sei egingo ditu gainerako zonaldeetan– eta Arabako artisauek euren produktuak aurkeztuko dituzte.

Berrikuntzen artean, «gastrotonbola» aipatu behar da: zozkatu egingo dira bazkariak Arzak eta Matxete jatetxeetan, asteburuko egonaldiak eta Eusko Label produktuak.

Eta jaia amaitzen joateko, 17.30ean Prado parkean, Oxabi Erromeria Taldearen musika.

Beka sistema

Armentia Ikastolak iragarri duenez, egunean zehar bilduko den dirua beka sistema bat sortzeko erabiliko du, besteak beste. Laguntza sistema horri esker, ikastolako ateak zabalik egongo dira Gasteizko familia guztientzat, euren egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko.