INFO

Euskararen murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio garaia

Frantses Gobernuak euskararen murgiltze eredua zalantzan jarriz harturiko norabideak kezka bizia sortu du Ipar Euskal Herriko hezkuntza eragileen artean. Hitzetatik harago, baliabideen murrizketak eragin handia izango duela hezkuntzaren kalitatearen ohartarazi dute. Arratsaldean elkarretaratzea egin dute sare publikoko eragileek, Donibane Lohizunen. Ostiralean, berriz, milaka haurrekin danborrada antolatu du Seaskak Biarritzen.

Sare elebidunaren mobilizazioa Donibane Lohizunen. (@Maite_Ubiria)

Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren adierazpenek hautsak harrotu dituzte, euskararen murgiltze sistemaren aldeko urteetako bidea arriskuan jartzen baitute.

Ipar Euskal Herriko Hezkuntza eragileen artean gero eta ozenagoa da euskararen aldeko kontraerasoa antolatzeko beharra azpimarratzen duen mezua, eta ez da baztertzen ondoko asteotan horren aldeko ekimena iragartzea.

Horren froga, lehen aldiz hiru lurraldeetako irakaskuntza elebiduneko bost elkartek fronte bateratu bat osatu dutela. Euskara Geroan, Ikas-Bi, Euskal Haziak, Biga Bai eta Erakasleak elkarteek gutun bateratua igorri zieten, joan zen maiatzaren 20an, Euskal Elkargoko 233 hautetsiei, euskarak bizi duen egoeraz duten kezka helaraziz eta beraien engaiamendua eskatuz.

Irakaskuntza elebiduna ere balioan jarri zuten, eredu publikoan azken urteotan eman den murgiltze ereduaren etengabeko zabalpenak «gurasoek egindako hautuari» erantzuten diola gogoratuz. Era berean, mobilizazio berria iragarri zuten. Gaur arratsaldeko 15.00etan Donibane Lohizunen Ikuskaritza akademikoak duen egoitzaren aitzinean elkarretaratzea egin dute.

Ikastolen defizita

Bestalde, ostiral arratsaldean, iaz Baionan egin zuen bezala, danborrada berri bat antolatu du Seaskak, kasu honetan Biarritzen. 15.30ean milaka haur, irakasle eta gurasok askaria hartuko dute Baratze Publikoan. Desfile zaratatsua hortik ateratzekoa zen, baina azken orduko aldaketa medio danborrada Hondartza Handian hasiko da 16.00etan. Ekimena Ste. Eugenieko plazan bukatuko da.

Frantziar Estatuaren diruztatze eskatzaren aitzinean, ikastolen federazioak 2019ko irailean beharrezko dituen 30 postuak ziurtatzeko aurrekontuan defizita duela oroitarazi du Seaskak.

Heldu den ikasturtean 200 ikasle gehiago batuko dira Iparraldeko ikastoletara. Alta, Frantziar Estatuaren diruztatzea ez dator bat etengabeko hazkunde horrekin.

Paxkal Indo Seaskakko presidenteak salatu duenez, «ikastolak 365.000 euroko defizita izanen duen aurrekontua bozkatzera behartuta daude, gutxi gorabehera elkartearen aurrekontu orokorraren %13», Parisko Gobernuak ez dituelako ikastolek behar dituzten lanpostu berriak bermatzen.