INFO
Interview
Jesus Altuna
Ekaingo zuzendari zientifikoa

«Lan handia egin da, baina oraindik asko dago aztertzeko Ekaingo aztarnategian»

Arkeologo eta paleoantropologoak Ekaingo kobazuloaren zirrikituak ederki ezagutzen ditu. Urteak eman ditu bertan lanean, han bizi izan zen Lehen Gizakiaren sekretuak ikertzen. Soinean 86 urte izanagatik, burua argi du eta atzo izan balitz bezala gogoratzen du haitzulora sartu zen lehen aldia. Kontakizun zientifikoa bizipen pertsonalez zipriztindu du.

Jesus Altuna urte luzez aritu da Ekaingo kobazuloa eta aztarnategia ikertzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

This browser does not support the video element.


Nola gogoratzen duzu Ekainera sartu zinen lehen aldi hura?
Aurkitu eta handik bi egunera joan ginen. Deitu zidatenean pentsatu nuen garrantzitsua izango zela; izan ere, Andoni [Albizuri] eta Rafael [Rezabal] aspalditxotik ari ziren gurekin  lanean kobazuloak aurkitzen eta barruan katak egiten. Seat-600 koskorra neukan eta harekin Ataunen On Jose Migel jaso eta Sastarrain baserri aldera joan ginen. Han zeuden Andoni eta Rafael. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut nola sartu ginen. Arrastaka, sudur puntarekin sabaia jotzen genuela. Oso-oso estua zen sarrera; horrela 20 bat metroan joan ginen. Pentsa, On Jose Migel Barandiaranek ordurako bazituen 79 urte! Gero zutik jartzeko moduko galeria sortzen zen eta ondoren handitu egiten zen.

Eta bat-batean, zaldi multzoa aurrez aurre...
Harrituta geratu ginen! Lurreko estalagmitek, zapaltzean, hotsa egiten zuten. Ikusten zen aspaldi ez zela zapaldu. Madeleine garaiko   irudiak ziren, perfektuak! Aurreraxeago hartz parea eta ondoren beste zaldi multzo txikiagoa... Ikusi genuen egundoko aurkikuntza zela.
 
Zuk esana da arte franko-kantauriarreko zaldi multzorik ederrenetakoa dela.
Bai, Altamiran bisonteak diren bezala, Ekainen zaldiak, dudarik gabe.  

​Ate bat jarri zenuten berehala, baina irekitzeko presioak ez ziren txantxetakoak izan.
Guk bisita asteartean egin genuen eta ostegunerako atea jarrita geneukan. Mundu guztiak sartu nahi zuen bertara, Zestoako, Gipuzkoako zein Estatuko agintariek. Frankismo bete-betean geunden eta denek ireki egin nahi zuten. Altamiran jende asko sartzen zen, udan egunero mila pertsonatik gora sartzen zen eta horrek sos asko uzten zituen, noski. Sastarrain baserrian bizi zirenak maizterrak ziren eta jabeak bidali egin zituen, berak negoziotxoa jartzea pentsatu zuelako. Guri lagundu zigutenek utzi egin behar izan zuten baserria. 

‘La Voz de España’ egunkariak ‘Barandiaran y Altuna están encerrando la cultura bajo rejas’, zioen. Garai hartan hori oso serioa zen. Lortu genuen indusketak egiten ari ginen bitartean behintzat ez irekitzea. Horrelako aurkikuntzak Madrilera abisatu behar zen eta hala egin genuen. Handik “comisario general de excavaciones” delakoak, Almagro abizenekoak, zoriondu ordez bera iritsi bitartean gu sartzea debekatu zigun. Berak ikertu nahi zuela. On Jose Migeli esan nion: ‘zuk bizitza oso daramazu honetan eta nola etorriko da hura aztertzera?’. Hurrengo egunean hasi ginen barruko azterketa egiten. Egunero 9 orduz jarduten genuen eta 10 bat egun egin genituen kalkoak egiten, hura argitaratzeko. Barandiaran eta biok bakarrik geunden barruan eta Sastarrain baserriko mutil koskorrak egiten zigun argi linternaz. Urte hartako urrian, oso azkar, kaleratu genuen Ekaini buruzko lehen argitalpena.
 
Hainbat haitzulotan bisitariek eragindako kalteen jakitun zineten.
Bai, bagenekien ze kalte sortzen ari ziren Altamiran, Lascaux-en eta Santimamiñen bertan ere bai. Bisitek ahuldu egiten dituzte margoak, zuritu egiten dira. Eta askotan, nahi gabe, arrastoak egiten dituzu. Ekain babestu egin behar zen. Zegoen bezalaxe gorde da; ez dugu inoiz utzi ez irristatzeko inolako barandarik edo jartzen. Ezta argirik ere. Jarriz gero badakizu piztu egingo  dela eta argiak jan egiten du margoa. Frantziatik labar-artearen ikertzaileak etortzen zirenean hala zioten, ‘azkenean ikusi dugu prestatuta ez dagoen koba bat’. Lehen Gizona ibili zenean bezalaxe dago.
 
Zein da Ekainen berezitasuna?
Aztarnategia dauka sarreran eta gehienek ez dute. Aztarnategiak informazio handia eman dezake barruko kobari buruz. Eta hala eman zuen Ekainek. Horrez gain, nahiko ondo daude egituratuko irudiak, beste toki batzuetan sakabanatuta daude. Batetik, gela handian harkaitz bat dago naturala eta zaldi-buruaren itxura dauka. Lehen Gizonak sudur-zuloa egin zion, haitz naturala bereganatuz. Beharbada, horren eraginez eskainiko zioten kobazuloa zaldiari.

Hasierako zaldi denak barrurantz begira daude eta, aldiz, bukaerako zaldiak, kanpoaldera begira. Eta bien artean hartzak daude. Badirudi denak hartzei begira daudela. Eta hori ez da askotan ikusten.
Aztarnategia industerakoan plaketa bat ere aurkitu genuen. Ildoz, suharri batekin grabatuta basahuntza, oreina eta zaldia daude. Oso aurkikuntza polita izan zen. Plaketaren estiloa eta barrukoa berbera da.

Bestalde, bertan azaldutako aztarnek udaberriaren azken aldera eta udan bakarrik bizi zirela bertan, erakutsi ziguten, beste gauzen artean.
 
Zer lan egin zenituzten aztarnategian?
Sei urte iraun zuten lanek (1969-1975). Lehendabiziko hiru kanpainak Barandiaranek zuzendu zituen. Orduan erretiratu zen kobazuloko lanetatik. Eta nik jarraitu nuen beste hiru kanpaina egiten. Koro Mariezkurrena, nire emaztea, eta Pablo eta Jesus Areso anaiak ere gurekin aritu ziren. Pablo orain gutxi hil da. Arrasate Espeleologi Taldeko gazte batzuek ere lagundu ziguten 1974. eta 1975. urteetako saioetan. Indusketak bukatzerako Franco hil zen, egoera politikoa pixka bat aldatu zen eta lortu genuen itxita mantentzea.

Orain gutxi, 2008tik 2011 bitartean, beste hiru kanpaina egin ditugu hainbat kontutan sakondu nahian. Oso interesgarria izan da. Paleolitoaren ondorengo aztarnak aurkitu ditugu. 5.000 urte beranduago etorri zen Ekainera berriz Lehen Gizona ume bat lurperatzera. 5 urteko haurra aurkitu genuen, lehendik aurkituta geneukan indusketa baino aurrerago. Gainera, beherago, Erdi Madeleine aroko geruza fin-fina aurkitu genuen, aurretik ikusi gabea. Hor ebakin bat aurkitu genuen oso interesgarria. Bisonte baten saihetseko hezurrean ebakina egin zuten eta hegaztia irudikatu zuten han. Lehendabiziko aldiz agertu da hegaztia halako ebaki batean. Indusketa honetan gaurko metodo berriak erabili ditugu, besteak beste, fotogrametria, Jan Wesbueri esker. Fede Rios-en laguntza handia ere jaso dugu.

Oraindik sorpresa gehiago gordetzen du Ekainek?
Bai, lan handia egin da baina oraindik asko dago aztertzeko. On Jose Migel Barandiarani beti gustatzen zitzaion aztarnategiaren zati handi bat uztea etorkizunean metodo hobeak sortzen direlako, eta haien lana ez galarazteko.

Erreplika eraikitzea erabaki zenuten, Ekainberri.
Proiektua asko kostatu zitzaigun. Egunetik egunera eragozpen gehiago sortzen ziren, espero ez genituenak. Eraikina Txema Alberdi arkitektoak egin zuen eta erreplika Renaud Sanson-ek. Aurretik ezagutzen nuen. Ekain asko gustatu zitzaion, Lascaux baino txikiagoa dela eta ‘eskala gizatiarragoa’ duela esaten zuen. Lan zaila eta luzea izan zen. Eta noski, diru kontuak, gaizki. Baliabide teknologikoak bazeuden, baina hura ordaindu egin behar zen. Lascaux Frantziako Gobernuak egin zuen eta diru asko zuen, baina Zestoako Udalak, gutxi. Eskerrak Joxe Juan Gonzalez de Txabarrik –Gipuzkoako diputatu nagusia eta Kultura diputatua– ­hartu zuen plan ekonomiko guztia. Oso gogo onez hartu zuen erreplika. Hari esker bukatu zen.

Guk ikusten genuen Ekain itxita babestu egin genuela, baina herriaren ondarea zen eta herriari erakutsi behar zitzaion. Erreplika egin aurretik jende askok ikusi zuen Ekain; interesatuek gutunez egiten ziguten eskaera eta bisita gidatuak antolatzen genituen astero, 12 lagunekin, bi taldetan banatuta.

6 pertsonaren bisitak ez zuen kalterik egiten, kontrolpean geneukan. Baina aukera zabaldu nahi genuen eta horregatik sortu zen erreplikaren proiektua.
Zestoako Udalean txandakatuz joan ziren EAJko eta HBko alkateak eta ondo portatu ziren; denak bat zetozen erreplikaren alde. Noski, alkate bakoitzak berak inauguratu nahi zuen, eta ikusten zuenean ezin zela, etsita! [irribarrea]. Hau dena noski, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko babesa eta baimenarekin, Mari Karmen Garmendia buru zela.

Euskaldunok kontziente gara dugun ondareaz?
Nik uste baietz, aspalditik gainera. Beste tokietan –Aragoien, Kantabrian– lan handia izan dute kobazuloa itxita mantentzen. Askotan atea hautsita aurkitu dute. Hemen ez da sekula gertatu. Guk laguntza besterik ez genuen izan, baita herri xehearen aldetik ere; baserritarrek-eta pentsatzen zuten garrantzizko zerbait egiten ari ginela, ez ginela txoroak.

Ekainberri non dagoen badakigu, baina Ekain, askok ez. Zerbait egingo zenuke herritarrek  hura non dagoen jakin dezaten?
Ekainberrikoei esaten diegu erakusteko Ekaingo bidea bisitariak hurbil daitezen eta senti dezaten halako emozioa pentsatuz han barruan dagoela kopian ikusi dutena bezalakoa. Dena den, nik uste dut paper ona betetzen ari dela Ekainberri.