«Herritar guztien alde» egingo duen alkatetza berria Bergaran, EH Bilduren garaipenaren ondoren
Bergarako udaletxeko pleno aretoa bete egin da udalbatza berriari harrera egiteko. Aldaketa izan da herrian: EAJko Elena Letek EH Bilduko Gorka Artola alkate izendatu berriari eman dio makila.
Aldaketa bai, baina sorpresarik ez da egon, Artolarena baitzen alkatetzarako hautagaitza bakarra. Letek hauteskunde gauean iragarri zuen ez zuela bere burua aurkeztuko, herriak «beste era batean» erabaki zuelako. Hala ere, oposizioan «gure programa eta herriaren alde» lan egingo duela nabarmendu du.
Hala, zinegotzi guztiek karguari zin egin ostean, «legeak hala behartuta» gehienek, botoak zenbatu dituzte mahai-buruek: 9 EH Bilduren alde eta 8 boto zuri. Gehiengo absolutuarekin sartu da aldaketa Bergarako Udalera eta Udal hauteskundeetako emaitzak berretsi dira. Bederatzi aulki EH Bilduk, zazpi EAJk eta bakarra PSEk.
Udalbatzako kideei «egindako lanagatik» eskerrak emanez hartu du hitza alkateak.
Eskerrak emanez hartu du kargua @gorkasato -k. Gobernu aurrerakoi, independentista, feminista eta euskaltzalearen aldeko konpromisoa hartu du. pic.twitter.com/zwu5WA4cOl
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) 2019(e)ko ekainaren 15(a)
«Memoria pixkat egin nahiko nuke», esan du Artolak bere hitzartzean. Akordura ekarri du umea zelarik Gerra Zibilari buruzko erakusketa bat ikusi zuela gaur kargua hartu duen pleno aretoan. «Beste familia askotan bezala, nirean ere gertutik bizitzea tokatu zen», adierazi du, eta ospatu atzoko egunez Bergarako Udalak frankismoaren biktimen eta senideen kereila aurkeztu zuela epaitegian. «Zortzi hamarkadaren ondoren, egin beharko pauso bat».
Ostera, botoa eman ez baina EH Bildurengan konfiantza erakutsi duten herritarrei zuzendu zatzaie: «Bereziki eskerrak gure aldeko hautua egin ez, baina edonola ere bide emankorra opa diguzuenoi. Zuei bereziki esan nahi dizuet jarrera eraikitzailea eta irekia izango dugula. Udalalbatza osatzen dugun taldeko ordezkari guztiekin elkarlanerako espazioak zabaltzeko ahalegina egingo dugula. Herritar guztion gobernu eta alkate izango gara».
Kanpainan zin egin bezala, bergararrekin harreman zuzena garatzeko borondatea berretsi du alkateak, «herritarrak udal politiketan zuzenean ibil daitezen bideak jartzea izango da helburuetako bat».
Horretarako, «proiektu aurrerakoia, independentista, feminista eta euskaltzalea daukagu», nabarmendu du.
Bilkura amaitzerakoan, herritarrek harrera egin diote EH Bilduko lantaldeari San Martin plazan.
Txalo artean eta Aurreskua dantzatuz egin diote harrera bergararrek udalbatza aldaketari. pic.twitter.com/U5rvtmgLEx
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) 2019(e)ko ekainaren 15(a)