Osakidetzako Lehen Arretako hirugarren greba egunak jarraipen «oso zabala» izan du
Osakidetzaren Lehen Arretado hirugarren greba deialdiak jarraipen «oso zabala» izan du, ELAren arabera. Mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean babesa %100era iritsi da sindikatu horrek adierazi duenez. Osakidetzak %31ra jaitsi du lanuztearen jarraipena.
EAEko Lehen Arretako osasun zentroetan hirugarren greba deialdia dute gaurkoa, eta langileek «masiboki» jarraitu dute, ELAk ohar batean jakinarazi duenez. Zentro askotan, hainbat kategoriatan, jarraipena %100ekoa izan da, bereziki mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean, sindikatu horren arabera. «Esan dezakegu jarraipena %60koa izan dela», nabarmendu du.
Grebarekin batera, manifestazio jendetsua egin dute Gasteizen eguerdian.
Lanuztearen jarraipena «oso zabala» izan den arren, ELAk salatu du Osakidetzak greba «oztopatzeko eta indargabetzeko ahaleginak» egin dituela. Alde batetik, zerbitzu minimoen agintearen «gehiegizko interpretazio bat egin da ESI askotan», eta horren ondorioz «larunbat bateko zerbitzu eta zentro gehiagoren irekiera inposatu ditu».
Horrekin batera, lanuztearen jarraipena baloratzerakoan Osakidetzak datuak «manipulatu» egiten dituela dio ELAk, eta zentroak irekita mantentzeko segurtasun zaindariak kontratatu dituela salatu du.
ELAk gogora ekarri duenez, greba hasi zenetik Osakidetzak hirutan deitu du mahai sektoriala, azkenekoa joan zen ostiralean. Bilera horien edukia ikusita, ELArentzat «ondorioa argia da: Osakidetzak ez du batere asmorik laister Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko. Osakidetzaren ahaleginak plantilla desmobilizatzeko baino ez dira izan».
Kritikatu duenez, ostiraleko bileran udarako planteamenduak «bakarrik» egin zituen Osakidetzak, «batzuk murriztaileak eta bat ere ez sakoneko arazoei erantzuna emateko». Etorkizunerako gaur egungo egoera konponduko duten «neurri sakonik» ez dela planteatu salatu du.
Egoera horren aurrean, sindikatuek uste dute «irtenbide bakarra» greba dela. «Osakidetzak kosta ahala kosta indargabetu nahi du greba; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere», dio ELAk.
Osakidetzaren datuak
Osakidetzak eman dituen datuen arabera, hirugarren greba egunaren jarraipena %31koa izan da. Araban %33an kokatu du, Bizkaian %34an eta Gipuzkoan, %26an.
Langile kategoriaren arabera, honako jarraipen datuak eman ditu: langile fakultatiboen artean, %53, erizaintzako langileetan, %15 eta gainerako kategorietan %23.