INFO

Murga sailburua uztailean Legebiltzarrera eraman nahi dute, LEPari buruz azalpenak emateko

Osakidetzak iragarritako barne ikerketaren zenbait kontu auzitegira ez zirela eraman egiaztatu ostean, EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk premiazkotzat jotzen dute Nekane Murga sailburua Legebiltzarrean agertzea. Uztailean ahalbidetzea eskatu dute.

Nekane Murga sailburua, Legebiltzarrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Azken asteotan agerian geratu denez, Osakidetzako Lan Eskaitza Publikoari (LEP) buruzko barne ikerketan agertu ziren hainbat kontu ez zituzten auzitegira eramaten. Tartean da duela urtebete jasotako lekukotasuna, zeinean orain sailburu den Nekane Murgak irregulartasunez berri izan bazuela aipatzen den. Honen larritasuna nabarmenduta, EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk eskaera egin dute, uztailean Murga Legebiltzarrean ager dadin eta horri buruzko azalpenak eman ditzan.

Rebeka Ubera eta Cristina Macazaga legebiltzarkideen aburuz, «Osasun Sailaren jokabidea ezbaian dago, berak eginiko barne ikerketan bildutako dokumentazio osoa lehenengo minutuan fiskalaren eta epailearen esku utzi beharrean, hainbat grabazio eta agiri gorde zituelako eta ez zituelako epaitegira bidali, epaileak berak espresuki eskatu arte. Hori dela eta, lasai asko uler daiteke Osasun Saila, ikerketa bultzatzen lagundu ordez, oztopatzen saiatu dela».

«Lan Eskaintza Publikoan gertaturiko irregulartasunak epaitegian daudenetik argitaratu den informazioa ezagututa, agerikoa da Osasun Sailak ez diola Justiziari behar bezala lagundu oposizioetan jazo dena argitzeko eta horretan egon daitezkeen ardurak, politikoak barne, zehazteko. Murgaren Departamenduaren borondate falta argia da», erantsi dute Uberak eta Macazagak.