INFO

Pride Eguna, LGTB+ komunitatearen aldarrikapenak jai-giroan Biarritzen

Pride Egunak aldarrikapenez bete ditu Biarritzeko karrikak ohiko jai-giroan. LGTB+ komunitatearen eskubideen defentsa koloretsua egin dute egun osoan zehar, eguerdian itsasargiaren inguruan eta harrotasun ibilaldi jendetsu eta ekimenez beterikoarekin arratsaldean.

Pride 2019, Biarritzen, Les Bascosek antolatuta.

LGTB+ komunitateak Biarritzeko karrikak hartu ditu gaur bere eskubideen defentsan. Les Bascos elkarteak antolatuta, Pride Egunari eguerdian eman diote hasiera itsasargiaren inguruan, eta hainbat ekimen ezberdin bildu ditu. Eguerditik erakusketak izan dira, piknika edota DJak entzuteko parada izan dute parte hartzaileek, besteak beste. Ikuskizunak ere izan dira egunean zehar.

Arratsaldean, ohiko askapen ibilaldia izan da Biarritzen zehar, karrikak kolorez eta doinuez betez. LGTB+ kolektiboen ikurren ondoan, dantza eta musika izan da nagusi ibilaldi osoan zehar. Adin guztietako lagunak bildu ditu ekitaldiak, eta eskubideak errespetatzeko lelo ezberdinak ikusi ahal izan dira.

Giroa ez da bukatu, iluntzean Pride 2019 gaualdi ofiziala hasi baita, jaiak eta berarekin doan askapen mezuak etenik izan ez dezan. Amestoy gelan, printzipioz, jaia goizaldeko lauak arte luzatuko dela iragarri dute. Parte hartzeko beharrezkoa da gonbidapena.