INFO

Diru bilketa abiatu dute Sarrionandiaren azken lana finantzatzeko

‘El que fuma, bebe y canta’ liburua izango da Joseba Sarrionandiaren azken lana. Ray Fernández trobalari kubatarraren abestien hitzen bilduma izango da, Aresen ilustrazioekin eta Sarrionandiaren hitzaurrearekin.

‘El que fuma, bebe y canta’

‘El que fuma, bebe y canta’ goiburua izango duen liburua urrirako kaleratzea aurreikusten du proiektua sustatzen ari den Ray Forever Kolektiboak. Proiektua hiru artistaren arteko elkarlana da. Ray Fernández, bere abestien letrak idatzi dituen trobalari kubatarra; Aristides Hernandez, Ares, marrazkilaria, irudigilea eta karikaturagilea eta Joseba Sarrionandia, idazle eta olerkari euskalduna eta errefuxiatu politikoa. Azken honek lana antolatu eta hitzaurrea egin du.

«Hirurek bat egiten dute kaleetan eta bizitzan, hitzetan eta ametsetan, eta elkartu egin dira kresal- eta ron-usaina duen eta ia dantza daitekeen liburu hau egiteko», dio Ray Forever Kolektiboak. «Habanatik aske ibili ohi diren soinuaren, surrealismoaren, itsasoaren eta artearen zati bat hel dakigun», gehitu du.

Proiektua diruz laguntzeko ekarpenak egiteko, sakatu hemen. Eskuratutako ekarpenak liburuen edizio-, argitalpen- eta bidalketa-gastuak ordaintzeko baliatuko dira.

Ray Forever Kolektiboa liburuaren egileen lagun-taldea da; «Kuban esaten den moduan, lan hau “igande gorri” gisa ari gara egiten, komunitateari begira. Euskal Herrian, auzolana litzateke», diote Verkami atarian egindako azalpenean.

Fernandezek kontzertua eskainiko du uztailaren 14ean Euskal Herrian, Elorrioko Lariz Jauregian, Musikaire jaialdiaren baitan hain zuzen ere. Bestalde, bideoan, liburuaren izen bereko abestia ikus daiteke.