Iñaki Egaña: «Orain dela hogei urte eman behar zuten urratsa eman dute gaur»
Gobernu espainiarrak aitortu egin du Begoña Urroz Drilen biktima izan zela eta ez ETArena. Kasu honen inguruan egon den manipulazioaren inguruan aritu da Iñaki Egaña eta gaurkoa berarekin aztertu dute NAIZ Irratian. Salatu duenez, manipulazio horri bide eman dionetako bat gaurko agerraldian zen Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko presidentea dela, Florencio Dominguez.
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak ‘Muerte en Amara, la violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz’ txostena aurkeztu du Donostiako Koldo Mitxelenan eta baieztatu dute Begoña Urroz ez zela ETAren lehen biktima izan, DRILek egin baitzuen heriotza eragin zion atentatua.
Bertsio ofizialaren gainean, Iñaki Egaña historialariak GARA eta NAIZen argitaratutako erreportaje eta analisi ezberdinetan Amarako atentatua DRIL taldeak egin zuela egiaztatu zuen eta gaurko txostena buruz aritu da NAIZ Irratian.
Egañarentzat, «orain dela 20 urte eman behar zuten urratsa» eman dute gaur Donostian eta gaineratu du «izugarrizko manipulazioa» egon dela azken bi hamarkadetan, «bereziki mahaian egon zuzendariak, Florencio Dominguezek, eragin zuen manipulazioa». «Ez du autokritikarik egin, ez du barkamena eskatu», adierazi du historialariak.
Gainera, Egañak azpimarratu du Estatu espainoleko Barne Ministerioak duela bi urte onartu egin zuela DRILen egiletza eta Gasteizko Barne kontseilariak «antzeko gauza» egin zuela.
Gainera, Begoña Urroz ETAren lehenengo biktima izan zelaren bertsioa PSOEren gobernuan ministro izan zen Ernest Lluchek 2000. urtean ‘El Diario Vasco’-ko artikulu batean sortu zela nabarmendu du.
«Pixkanaka pixkanaka gezurra puztu zen. 2010ean Lasarteko Udalak (PSE) domina eman zien familiarrei eta ETAren lehengo biktima izan zela aipatu zuten. Urte berean publikatu nuen lehenego azterketa lana, iturriak gaurko txostenean aipatutako berdinak dira», salatu du Egañak.