INFO

Orioko traineru bat, Ness aintzira zeharkatzeko

Oriotik eramandako traineru batekin saiatuko dira eskoziarrak Ness lakua gurutzatu eta egun indarrean den errekorra gainditzen.

Orioko neskak, banderarekin lehorrera (Joxemari OLASAGASTI)

Ness lakuak dituen 20,5 miliak zeharkatu eta egun indarrean den errekorra apurtzeko Orioko traineru bat aukeratu dute eskoziarrek. Egunotan beraz, kolore horia izango da nagusi bertan bizi den ustezko munstroagatik ezaguna den lakuan.

Bi ordu, 28 minutu eta 9 segundotan dago egun lakua zeharkatzeko errekorra eta hura apurtzen saiatuko dira Oriko traineruan arituko diren arraunlariak. Haien artean, Jock Wishart arraunlari, Poloan esploratzaile eta eskoziar itsas abenturazalea izango da.

Errekorra gainditzeko hitzordua eguraldiak ezarriko du, haatik ostirala baino lehen egitea aurreikusten dute. Ea Orioko traineruak haien ahaleginean laguntzen dien!

Inverness Courier’ eskoziar egunkariak eman du albiste honen berri eta About Basque Country atariak jaso du. Eskoziar egunkaria gainera, traineruen jatorriaz ere mintzo da artikuluan.