Miren Gorrotxategik jasoko du sormenerako (H)ilbeltza beka
Miren Gorrotxategiren ‘Vianako bihotza’ nobela egitasmoak irabazi du (H)ilbeltza beka eta, horrenbestez, azpeitiarrak idatzitako eleberrik 2020ko abenduan ikusiko du argia, Txalaparta argitaletxearekin.
Euskarazko nobela beltza auspotzea da (H)ilbeltza bekaren xedea, izen bereko literatur jaialdiaren abaroan sortua. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak esleitzen dute beka eta jakinarazi berri dute Miren Gorrotxategi izango dela 2019ko beka jasoko duena.
Idazle Azpeitiarraren ‘Vianako bihotza’ eleberri egitasmoa aukeratu dute Joseba Otondo Baztango alkateak, Castillo Suarez (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu duten epaimahaiak.
Upategietan girotua
Gorrotxategiren proiektua sariketara aurkeztu diren hamar lanen artean bikainena dela ebatzi du epaimahaiak, «literatura beltza izanagatik ere, proposamenak ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes» egiten duelako. Azaldu dutenez, tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu eta horrek «ezohiko agertoki batera garamatza». «Epaimahaikideoi egitasmo arriskatua eta egingarria iruditu zaigu aldi berean, eta horixe saritu nahi izan dugu, betiere deialdi honen beka izaerak liburua idazteko ez ezik lantzeko ere aukera ematen duela aintzat harturik», gaineratu dute.
Gorrotxategik 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 lana amaitutzat ematerakoan. Aurreikuspenen arabera, 2020ko abenduan argitaratuko da ‘Vianako bihotza’, Txalaparta argitaletxearekin.
Gorrotxategi Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da, eta egun euskara irakasle lanetan dabil Bigarren Hezkuntzan. Agustin Zubikarai saria irabazita, ‘33 ezkil’ (Elkar) du argitaratua eta martxan den ‘Korosagasti’ filmaren gidoigileetariko bat izan da.
(H)ilbeltza beka
Euskarazko nobela beltza sustatzea da (H)ilbeltza bekaren helburua eta, txandaka, sormen lanak eta itzulpenak saritzen ditu. Lehen edizioan, 2017an, Miel Angel Elustondoren ‘Kezko bola batek itoak birikak’ eleberri proiektua gailendu zen eta iaz aldiz Patricia Highsmith estatubatuarraren ‘The Blunderer’ nobela euskarara ekartzeko proposamena izan zen irabazle; Josu Barambones ari da lan horretan eta, aurreikuspenen arabera 2019a amaitu aurretik ikusiko du argia.