INFO

Osasunbideako zeladoreen EPEko filtrazioen inguruko ikerketa «sakona» eskatu du ELAk

«Gertaerak argitu, berriak saihestu eta ardurak argitze aldera», gai honen inguruko ikerketa «sakona» egin dezala eskatu dio ELA sindikatuak Nafarroako Osasun Sailari.


Osasunbideako zeladoreen datorren EPEko deialdia eta gai-zerrenda Nafarroako Boletin Ofizialean publikatu aurretik filtratu izana salatu du ELAk. «Eduki hauek zabalkundea administrazioaren era honetako hautaketa prozesuetan bete beharreko aukera-berdintasun printzipioaren aurka doa zuzenean», adierazi dute ohar baten bidez.

Azaldu dutenez, 22 orrialdez osatutako dokumentuak gai-zerrenda eta merituen baremoa jasotzen ditu, eta horrek «lanpostura aurkeztu diren pertsona jakin batzuen pribilegiozko tratua suposatzen du». Era berean, lan-eskaintza honetan aurretik izandakoekiko «desberdintasun garrantzitsuak» daudela nabarmendu dute, besteak beste test psikoteknikoei dagokionean.

ELAren iritziz gertaera hauek «oso larriak» dira, eta aurrerantzean EPE honen inguruan egon litezkeen filtrazio eta irregulartasun berrien gaineko «susmoa areagotu» besterik ez dute egiten. «Beharrezko neurriak garaiz hartzen ez badira, ondorio larriak egon daitezke, EAEn gertatu bezala».

Honela, «gertaerak argitu, berriak saihestu eta ardurak argitze aldera», gai honen inguruko ikerketa «sakona» egin dezala eskatu dio sindikatuak Nafarroako Osasun Sailari. «Era honetako prozesuei berme guztiak edukitzea ezinbestekoa da, zeladore lanposturako deialdi honetarako milaka lagun urteetan zehar zai egon direlarik».