Senarrak hil zuen Chantal Monteren izena eta memoria aldarrikatu ditu bere familiak
Bere senarrak bere buruaz beste egin aitzin hil zuen Chantal Monte emaztearen «izena eta memoria» aldarrikatu ditu horren familiak, Emazteen Mundu Martxak deiturik Bardozeko Herriko Etxearen aurrean, iragan ostiralean, egin zen elkarretaratzearen karietara. «Gure amatxi bizitzari atxikia zen eta bere buruaren gainetik jarri zen gizonezko batek hik zuen», adierazi zuen bertan Salima izeneko hildako emaztearen 18 urteko bilobak.
Emazte talde txiki batek bat egin zuen, iragan ostiral arratsaldean, Munduko Emazteen Martxak deituriko elkarretaratzearekin Bardozen. Ez da, tamalez, Ipar Euskal Herrian, ez ohikoa den irudia. Hiru euskal lurralde hauetan indarkeria sexista salatzeko mobilizazio maila oraindik ere aski apala baita. Arruntagoa da, ordea, emazte bat hiltzen denean, are gehiago, joan den astean Lapurdi barnealdeko herri honetan gertatu bezala, adineko bikote baitan gertatzen denean heriotza, emaztearen hilketa «famili barruko afera» bezala hartzea. Are, ohikoa da baita ere, hedabideek galdetzen dutenean gertakariari buruz herriko hautetsiek emaztea hil ondoren bere buruaz beste egin duen gizonaren «aldarte ona» edo herriko jardueretan eginiko ibilbidea balorean ematea.
Testuingu horretan, nabarmentzekoa da 90 urteko Jean Juanteguyk hil zuen Chantalen izena eta memoria aldarrikatzeko 72 urteko emaztearen familiak eman duen urratsa, herria eta hedabideen aurrean gertatutakoa hilketa bezala salatuz. Emaztearen biloba den Salimak (18 urte) ez du zalantzarik bere amatxiren hilketa «feminizidio» gisara irudikatzeko orduan.
Mediabask hedabideak jaso dituen adierazpenen arabera, «nire amatxi baino zerbait gehiago zela uste zuelako era zitalean erahil zuen», nabarmendu zuen Salimak Bardozeko Herriko Etxearen aitzinean. Are, bere amatxi zenari «bere famili abizenarekin» deitzeko eskaera luzatu zuen: «Chantal Monte zen, eta ez dugu nahi bere hiltzailearen abizena baliatzea gehiago bera aipatzeko orduan», eskatu zuen Salimak.
Minduta agertu zen, bi heriotzak gertatu zirenetik «herrian inork ez duelako hartu nire amatxiren ahotsari oiharzuna emateko ardura». Hitz horiek jasotzaile ezberdinak izan ditzakete, bistan da. Hala ere, ziur da horietako bat Paul Diribarne Bardozeko auzapeza dela. Hautetsiaren hitzak jaso zituzten hainbat hedabidek «drama familiarra» aipatzeko orduan. Horrela jakin zen gizonak artisau gisa jardun zuela erretreta hartu arte, sarri ibiltzen zela herriko bazterretan edo pilota munduarekin lotura izan zuela.
Hedabideek oihartzun zabala eman zizkioten auzapezaren adierazpenei. Baita horren ondotik etorri ziren auzo lagunen «hitz laudorioei» ere. Hori dela-eta, Chantalen alabek eta baita bilobek ere alkatearekin biltzea galdegin zuten, gertatukoari buruz hitz egiteko.
Lilletik heldutako emaztea
Salimak argi du, edonola ere, «15-20 urtetan aitatxi bezala hartu genuen gizonari burua joan zitzaiola» eta ez zuela gehiago entzun nahi. «Nire amak bizitzeko gogoa zuen, eta bizitza kendu diote», gaineratu zuen Salimaren ondoan zen hildakoaren alaba batek.
Lilletik Bardozera esposatu zen Chantalen senideak ez dira inguruan bizi eta ekainaren 25ean jaso zuten heriotz berriak kolpe zinez latza izan zen beraientzat.
Jubilatuta zegoen bikotearen etxea garbitzera joaten zen emazteak atzeman zituen gorpuak. Berehala suhiltzaileak bertan azaldu ziren baina heriotzak baieztatzeko beste aukerarik ez zuten izan. Emaztea sofan etzan zen, ehiza eskopeta batekin tiroz hila, eta bere senarraren gorpua berarengandik hurbil, lurrean, zerraldo ere.
Gaur autopsia eginen diote Chantal Monte eta Jean Juanteguy bikoteari. Izan ere, hasieratik emaztea hil ondoren gizonak bere buruaz beste egin zuela ghobetsi du Poliziak.
Azterketa horien zain gelditu gabe Salimak bere amatxi zenaren memoria aldarrikatu nahi du. «Gure amatxi sendoa zen, minbizia gainditu ondoren bizitzari atxikia zen emazte bat».