INFO

Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute irakasle eta ikasleek Seaskako kolegioetan

Seaskako kolegioetako irakasle eta ikasleek bat egin dute «Brebeta euskaraz» egiteko duten eskubidea aldarrikatzeko. Kamiseta berdeekin Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko kideak, kamiseta moreekin Kanboko Xalbador kolegiokoak, eta urdinez Ziburuko biribilgune batean bildu diren Larzabal kolegioko lagunak, kexu dira 193 ikaslek euskaraz egin dituzten azterketak irakasle frantsesek zuzen ditzaketelako.

Kanboko Xalbdaor kolegioaren aitzinean bildu dira ikasleak. (Bob EDME)

This browser does not support the video element.


Joana Camblong irakasleak azaldu duenez, «euskarazko azterketak zuzendu izan dituztenean, Seaskako ikasleek Estatu frantseseko batezbestekoa gainditu izan dute, baina iaz euskaraz ez zekiten irakasleek zuzendu zituzten azterketak eta gure ikasleek oso emaitza txarrak ukan zituzten». Larzabal kolegioan Zientzia ikasketak eskaintzen dituen irakaslearen esanetan, «Estatu frantseseko batezbestekoa 19 puntukoa zen (25 puntuaren gainean) eta Seaskako ikasleek atera zuten batezbestekoa 8 puntukoa izan zen».

Aurten ere gauza bera gerta daitekeela salatu dute irakasleek, zeren «oraingoz ez gaituzte deitu azterketak zuzentzen laguntzeko» argitu du Amaia Saez Fisika eta Kimikako irakasleak.

Ostegunean berriz ere kalera aterako dira. Goizeko 9.00etan finkatu dute hitzordua Donibane Lohizunen dagoen Inspekzio Akademikoaren egoitzaren kanpo aldean, une berean azterketak zuzenduko dituzten Ravel kolegiotik metro gutxira.

«Hasiera batean azterketak zuzentzen dituzten lekuan bildu behar ginen, baina gure arazoa ez da Administrazioarekin, Hezkuntza Kodeak euskara erabiltzeko aukera ematen du, arazoa ministroaren borondate eza da, hau da, arazoa politikoa da, eta horregatik erabaki dugu Inspekzio Akademia aitzinean protesta egitea», jakinarazi du 45 lagun bildu dituen Ziburuko elkarretaratzean zegoen guraso batek.

Ondorioen gainetik

Kolegioan ikasten duten 15 urte bitarteko ikasleek egiten duten Brebeta azterketak egun ez du balio handirik. Duela zenbait urte Lizeoko ikasketak egin ahal izateko beharrezkoa zen Brebeta gainditzea, baina egun izaera sinbolikoa du, izan ere, azterketa hori gainditu gabe Lizeoko ikasketak egin daitezke.

Ordea, 18 urterekin egiten duten azterketa (baxoa) ezinbestekoa da Unibertsitatera joateko, beraz azterketa hori euskaraz egitea erabakitzen duten ikasleek jasaten dituzten ondorioak larriagoak dira. Hala ere, Ipar Euskal Herriko 3.500 ikasleetatik, bataz beste ehun ikasle inguruk egiten du baxoa euskaraz.