Xistor Haranbururen askatasuna eskatzeko kanpaina abian sarean
Zigorrak aplikatzeko auzitegiak aintzat hartu zuen, atzo, dagoeneko 29 urte preso egin dituen Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskaera. Izan ere, fiskalak berehala helegitea ezarri zuen, 65 urte dituen presoaren askatasuna blokeatuz. Bi hilabete barru dei auzia izanen da. Izan ere, herritarren zein hautetsien artean fiskalaren jokabideak eragin duen haserre eta kezkaren seinale, gaur bertan kanpainia eman duten hainbat bakegileren bultzadapean, interneten, askatasun eskaerari bultzada emateko.
Erabakia ezagutu eta oren batzutara, Ipar Euskal Herriko hautetsien eta gizarte zibileko ordezkari esanguratsuen agerraldian egon zen, atzo arratsaldean, Euskal Elkargoak Baionan duen egoitzan.
Bertan, aniztasunetik luzaturiko irakurketa zabaldu zuten bakearen aldeko eragilek. Alde batetik, auzitegiak Haranburu aske uzteko eskaera babestea baikorki hartu zuten. Max Brisson diputatu eskuindarrak nabarmendu zuenez, «Xistor aske uzteko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugu eta auzitegiak oker ez ginela baieztatzera etorri da».
Halaxe da, Maritxu Paulus-Basurko abokatuaren esanetan, auzitegiak harturiko erabakia «zinez baikorra baita». Xehetasun guztiak eman gabe, «gure dozierra eta gura argudioak babestu ditu auzitegiak» azaldu zuen abokatu lohizundarrak.
Hala eta guztiz ere, fiskalak ezarritako helegitearen ondorioa zinez latza da: heldu den abuztuan bere herrira itzuli ahal zen Xistor Haranburuk kartzelan segitzuko du oraingoz.
De auzia, 2 hilabete barru
Zigorrak aplikatzeko epaitegiak bi hilabete ditu berriz ere, dei instantzian, dozierra aztertzeko. Haranbururen abokatuak ezarritako helegiteak ahalbidetuko du auziari segida ematea.
Paulus-Basurkok Naizi azaldu dioenez, «dozierra hasieratik aztertuko da, eta berriz abiatuko da eztabaida juridikoa, dei auzitegia ez baita behartuta fiskalak finkatu lerroa jarraitzeko».
Hala eta guztiz ere, orain arte dei auzitegira eraman diren kasuek ez dutela erantzun baikorra izan aitortzen du abokatuak.
Horrendako, atzo auzitegitik heldutako mezu «kontrajarria» kezkaz hartu dute hautetsik zein bakearen alde jarduten duten gizarte eragilek.
Hartara, atzo Mizel Berhokoirigoin bakegileak irakurri zuen agiriaren bidez, bake prozesuaren kontra jotzearen ardura egotzi zioten aipatu eragilek fiskaltzari. Era berean, deia luzatu zioten frantziar Estatuari norabide aldaketa agintzeko.
Agerraldi horretan, Mixchel Veunac (Biarrizko auzapeza), Max Brisson ( Les Républicains alderdiko diputatua), Emilie Dutoya (PS) eta Alize Leiziagezahar (Berdeak) Eskualde kontseilariak, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko lehendakari Lucien Betbeder izan ziren. Bideo-konferentziaren bidez beraiekin bat egin zuten Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialista eta Vincet Bru (Modem-La Republique en Marche) diputatua.
Beraien ondoan, Maritxu Paulus Basurko abokatua eta Anaiz Funosas Bake Bidea ekartearen presidentea, eta Mizel Berhokoirigoin bakegilea bera.
Change.org
Berhoikoirigoinek hitza hartu zuen, agerraldi horren ondoren, Baionako suprefetura aitzinean eginiko elkarretaratzean, «auzia ez dela bukatua eta behar dugula borroka segitu» erranez.
Gaur, Berhoikorigoin berak, Txetx Etxeberrik, eta Frantziako Giza Eskubideen ohorezko lehendakaria den Michel Tubianak sinatzeko petizionea ezarri dute change.org plataforman.
«Ministerioaren Publikoaren erabaki honek herra eta guztien sufrimendua berpizten ahak dituela» oharraraziz, fiskalak harturiko jarrera ez datorrela bat berriki Euskal Herrian izan zen Emmanuel Macron presidenteak euskal konponbide prozesuari laguntza emateko adierazitako konpromisoarekin agerian jarri dute adierazpen horretan.
Bakeari aukera guztiak emateko dei eginez bukatzen duten hemen sinatu daitekeen petizione horretan.