Bong Joon Ho, Ken Loach, Nakache eta Toledano, Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean
Perlak saileko lehen filmak iragarri ditu dagoeneko Donostiako Zinemaldiak. Tartean dira Bong Joon Ho, Ken Loach, Nakache eta Toledano, Oliver Laxe eta Wang Xiaoshuai.
‘Parasite’, Bong Joon Hori Cannesko Urrezko Palmorria eman dion film luzea, da Perlak saileko lehen aurrerapenean nagusi, eta horrekin batera izango dira Estatu frantseseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean eta Un Certain Regard sailean lehiatu diren beste titulu batzuk eta Berlineko zinema-jaialdiaren azken edizioan izan diren bi film. Zortzi ekoizpen horiek arituko dira ikusleek erabakitzen duten Donostia Hiria Publikoaren Sariagatik lehian.
Bong Joon Hok (Daegu, Hego Korea, 1969) ‘Barking Dogs Never Bite’ (2000) filmarekin Donostiako Sail Ofizialean egin zuen nazioarteko debuta, eta, ‘Memories of Murder’ filmarekin itzuli zen (Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Zuzendari Berriak Saria, 2003). ‘Mother’ (Perlak, 2009) eta ‘Snowpiercer’ (2013) lanen egilea Asiako zinemaren egungo figura nagusietako bat da, eta ‘Parasite’ filmarekin Urrezko Palmorria lortu du, familia aberats eta pobre banaren topaketa harrigarriaren bitartez erradiografia soziala eginez.
‘Les Misérables’, Ladj Lyren (1978) lehen film luzeak Canneseko Epaimahaiaren saria ex aequo lortu zuen ‘Bacurau’ lanarekin batera. Malin jaiotako zuzendari frantziarrak Victor Hugoren literaturako klasikoaren izenburua erabili du Parisko aldirietako bizimodu gatazkatsuari buruzko istorio garaikide bat kontatzeko.
Ukitu sozial nabarmena dauka baita ere ‘Sorry We Missed You’ filmak, ‘I, Daniel Blake’ obrarekin (2016) Donostia Zinemaldiko Publikoaren saria irabazi zuen Ken Loachen (Nuneaton, Britainia Handia, 1936) lan berriak, alegia. Mende erdiko ibilbidea eta hogeita hamar lan baino gehiago egin ondoren, maisu britainiarra Cannesen lehiatu zen berriz lan-prekaritatearen tranpei aurre egiten dien familia baten erretratu garaikide honekin.
Olivier Nakache (Suresnes, 1973) eta Eric Toledano (Paris, 1971) Donostiako ohiko parte-hartzaileak dira. ‘Intouchables’ (2011) filmaren munduko estreinaldiarekin eta ‘Samba’ (2014) lanarekin bi edizio itxi dituzte, eta ‘Le sens de la fête / C’est la vie!’ (2017) filmarekin lehian aritu dira. Aurtengo Canneseko jaialdia lehiaketaz kanpo itxi zuen ‘Hors Normes / The Specials’ lanean, Estatu frantseseko tandem honek autismoa duten haurren elkarte bat sortuko duten bi lagunen (Vincent Cassel eta Reda Kateb) gorabeherak kontatzen ditu.
Bestalde, Oliver Laxe (1982) Parisen jaiotako zinemagile galiziarrak ‘O que arde / Fire Will Come’ aurkeztuko du. Sute bat eragiteagatik espetxe-zigorra bete ondoren, herrixka galdu batera amarekin, txakurrarekin eta hiru behirekin bizitzera itzuliko den gizona du protagonista. Film honekin, ‘Todos vós sodes capitáns’ (2010) eta ‘Mimosas’ (2016) lanen egileak Un Certain Regard Epaimahaiaren Saria jaso du, baita soinu-sorkuntza onenaren saria ere.
Canneseko sail horretan ere zuzendari onenaren saria jaso du Kantemir Balagov (Naltxik, Errusia, 1991) gazteak. ‘Tesnota / Closeness’ opera primarekin (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) ikusleak harritu ondoren, ‘Beanpole’ bigarren filma II. Mundu Gerraren amaieran kokatu du, Leningrad suntsituan beren bizitzak berregiten saiatuko diren bi emakumeren istorioa kontatzeko.
Gainera, Wang Xiaoshuai zuzendari txinatarrak (Shanghai, 1966), ‘Shi qi sui de dan che / Beijing Bicycle’ (Perlak, 2001) eta ‘11 Flowers’ (Sail Ofiziala, 2011) lanen egileak, ‘Di jiu tian chang / So Long, My Son’ ekarriko du Donostiara. Istorio honetan, bi bikotek 1980ko hamarkadako Txinan izandako aldaketa sozialei eta ekonomikoei aurre egin beharko diete. Yong Mei eta Wang Jingchun protagonistek, hurrenez hurren, emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Hartza eskuratu zuten Berlinalen.
Berlineko zinema-jaialdian, lehiaketaz kanpo, ‘Amazing Grace’ ere egon zen ikusgai, 1972an Aretha Franklinek Los Ángelesko eliza baptista batean bere diskorik salduena grabatzeko eman zituen gospel kontzertuei buruzko filma. Sydney Pollack zinemagileak emanaldia filmatu zuen, eta, 47 urte ondoren, Alan Elliott-ek (1964) irudiok erabiliz dokumental bat sortu du, besteak beste, Spike Leek koproduzitu duena.
Hurrengo asteetan, Donostia Zinemaldiak Perlak sailean parte hartuko duten gainerako izenburuen berri emango duela iragarri du. Lan guztiak Donostia Hiria Publikoaren Sarietarako hautagai izango dira: film onenarena (50.000 eurokoa) eta Europako film onenarena (20.000 eurokoa).