INFO

Euskaraldia bi urtero eginen dela iragarri du Lakuak

Euskaraldia, euskara eguneroko bizitzan erabiltzea bultzatzeko ariketa, bi urtetik behin eginen da. Hala jakinarazi du Estibalitz Alkorta Lakuako Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzako euskara sustapeneko zuzendariak, Arrate Illaro ekimenaren koordinatzailearekin batera egin duen aurkezpenean.

Donostiako Mintzodromoa joan den azaroan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Sabino Arana Fundazioak Bilbon antolatutako euskararen biziberritzearen inguruko mintegian eman dute Euskaraldiaren bigarren edizioaren helburuen berri Arrate Illaro ekitaldiaren koordinatzaileak eta Estibalitz Alkorta Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako euskara sustapeneko zuzendariak.

Eferi egindako adierazpenetan, Alkortak jakinarazi du Euskaraldia bi urtetik behin egitea erabaki dutela tokian tokiko batzordeak ongi prestatzeko denbora izateko. Lehenbiziko edizioan, joan den azaro-abenduan, kasik 225.000 lagunek eta 200 entitatek parte hartu zuten. Hezkuntza, kirol, kultura zein jendarte arlokoak ziren entitate horiek, eta instituzioek ere babestu zuten ekimena.

Ariguneen sorrera

2020ko Euskaraldiak 15 eguneko ariketa proposatuko du, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, Euskal Herri osoan egiteko. Ahobiziak eta belarriprestak izanen dira berriro protagonistak, batez ere azken hauek (prestigioa ematea da antolatzaileen xedeetako bat), eta espazio berri batzuk sortuko dira, 'Arigune' deituko dituztenak. Euskaraz aritzeko guneak izanen dira.

Alkortak azaldu duenez, beharrezko jo dute gune horiek sortzea, lehenbiziko edizioan taldeko elkarrizketak bultzatuko zituzten tokien falta sumatu baitzuten. Norbanakotik eta bizpahiru lagunen arteko solasaldietatik talde handiagoetara egin nahi dute jauzi.

Horregatik, entitate eta elkarteei eskatuko diete ariguneak sortu eta herritarren zerbitzura jartzeko. «Denda bat izan daiteke, kirol talde baten, eskola baten edo unibertsitate baten gela bat edo banku baten bulegoa», agertu du.

Lehenbiziko edizioan, entitate mota horiek ekimenari lagundu zioten, baina ez zuten bertan aktiboki parte hartu. Hori lortu nahi dute bigarren Euskaraldian.