INFO

Palestinara heldu da Askapenako Brigada Feminista

Pasa den ostiralean heldu zen Askapenako Brigada Palestinara. Lehen orduak Jerusalenen eman zituzten eta handik igorri dizkigute lehenengo albisteak.

UPWCkoek sustatzen dituzten emakume taldeekin.(@BRGDPalestin)

Uztailaren 12an, ostiralean, heldu zen Askapenako Brigada Feminista Palestinara eta hala eman zuten jakitera Twitterren zabaldutako bideoaren bidez.

Lehen orduak Jerusalenen eman zituzten eta bertako palestinarren «egoera legalaren zatiketaz» aritu ziren, egoera honek emakumeengan eragin bikoitza duela salatu dute.

Bethlehem dagoen Aida camp errefuxiatu gunea zortzi metroko harresiaz inguratuta dagoela eman dute jakitera. Beste aldera zeharkatzeko check pointetatik pasatzera behartuta daude palestinarrak. Gune horietan azken bost urtetan, osasun arreta bila atera nahi zuten 40 emakume haurdun hil direla salatu dute

Hebronen ere izan dira brigadistak, Palestinar eta kolonoen arteko gatazkarik gordinenean, UPWCkoek biolentzia forma guztiei aurre egiteko antolatzen dituzten emakume taldeak gertutik ezagutu dituzte.

Brigadistak Bethlehem inguruan dauden bitartean bi palestinar hil dira Israelen esku; bata torturatuta Jalama kartzelan eta bestea eskola bidean zegoelarik kolono batek kotxez harrapatuta. Hala jakinarazi dute Twitter bidez.

Palestinar identitateari eutsi eta nondik datozen ez ahazteko, etxeetan antolatzen den hezkuntza informalak garrantzi berezia du. Emakumeak, familiaren oinarri eta zutabe, lan honen pisua daramate.