INFO

GIBaren kontra prebentzioa eta botika eskuragarrikoak eskatu ditu Harribeltza elkarteak

GIB-hiesaren kontrako udako kanpaina prestatu du aurten ere –eta badira 23 urte– Harribeltza elkarteak. Ezagutu berri diren kutsatze datuekin kezkatuta azaldu da elkartea, eta ospitaletan jasotzen dituzten botikak eskuratzeko sistema errazagoren bat adostea eskatu du.

Harribeltza elkarteko kideak, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Duela egun batzuk ezagutu dira iazko GIBaren kutsatze datuak, Euskal Autonomia Elkartean, eta ez dira onak. 2017an 135 izan baziren kutsatze kasu berriak, iaz 169raino igo zen kopuru hori. Prebentzio kanpainak, informazioak… denekin ere ez da lortu zenbaki hori txikitzea. Gaur udako kanpaina aurkeztu duen Harribeltza elkarteak ez du ikusten, ordea, prebentzioaren bidean sakontzea beste tresnarik egoerari buelta emateko.

Medikuntza eta botikagintza arloan aurrerapenak etengabeak dira GIB-hiesaren aurkako borrokan, baina horiek kutsatzea gertatu ondoren aplikatzen dira. Helburua, ordea, kutsatzera ez iristea litzateke: «Heziketa kanpainak inoiz baino beharrezkoagoak dira egun, baina are beharrezkoagoa sexualitate sano bat praktikatzea, inor ez behartzea ezertara, harreman sexualetan prebentzio neurriak hartzea. Azken puntu hauek ez betetzeagatik gertatzen dira, gaur egun oraindik ere, hainbeste kutsatze» adierazi du Elias Arizmendik, Harribeltza elkarteko kideak.

EAEn 5.852 lagun ari dira jasotzen egun tratamendu antirretrobiralak Osakidetzan, azken 22 urteko kopururik handiena. Horretara zuzenduriko diru kopurua urtetik urtera jaisten ari da, ordea, 2013tik hona. Izan ere, botika horietako asko generikoak izatera pasa dira, eta horrek ekarri du prezio apaltzea. Jakina denez, botika-koktel bat hartuz GIB birusa kontrolatua geratzen da, gaixoaren gorputzari eraso egiteko ahalmena galtzen du, betiere behar bezala eta behar adina hartuta. Hitz batean, GIBak hor jarraitzen du pertsonaren barnean, baina hiesa ez da garatzen.

Harribeltzak ikusten du, ordea, non hobetua oraindik: botikak dispentsatzeko moduan hain zuzen ere. Gaur egun, hiriburuetako ospitaleetako farmazietan dago zentralizatuta zerbitzu hori, eta GIBdunak hara joan beharra dauka, bizi den tokian bizi dela ere. Harribeltzako Joseba Errekaldek zerrendatu ditu sistema honek dakartzan arazoak: ospitaleraino bidaiatu beharra, aparkatzeko zailtasunak, ilaran itxoin beharra… Ez da hemengo arazoa soilik, eta horiek edikiteko Portugalen eta Britainia Handian hainbat proba egiten ari direla azaldu du, hala nola erreferentziazko farmaziak izendatu herrialdean barrena edota postaz bidali gaixoari. Dagoeneko bilera bat egin du Harribeltzak Osakidetzako Farmazia arloko zuzendariarekin, baina emaitza handirik gabe.

«Guk ez dugu esango nola egin behar den botiken dispentsazioa, eta ez gara jarriko pankarta batekin Osakidetza aurrean, baina hitz egin nahi dugu, gure proposamenak mahai gainean jarri eta besteenak entzun, seguru baikaude denon artean hobekuntzarako bideak aurkituko ditugula. ‘Beti horrela egin da’ ez da argumentu baliogarria. Aldatu behar denean, aldatu egin behar da» esan du Josebak.

Aipatu udako 23. kanpaina honen barruan, etzi KUP taldearen kontzertua izango da Oiartzungo Done Eztebe parrokian. Tolosan eta Eslovenian maila altuenean aritu da Gabriel Baltesek zuzentzen duen abesbatza, eta asteazkeneko kontzertuako mamia gai sakroek eta euskal gaiek osatuko dute, KUPeko Aitor Biainek eta Ainara Hernandezek adierazi zutenez.